Astebururako plan bila? Hemen egun bakoitzerako proposamen bat

Ate joka dugu asteburua, eta gure agendan Donostiako ekitaldi aukeraketa zabala aukeratuko duzu, askotariko planak egiteko. Hala ere, jarraian, egun bakoitzeko proposamen bana egingo dizuegu.
Ostiralean, (hilak 24), Gazteszenara gerturatzea gomendatzen dizuegu, izan ere, Nor naizen baneki antzezlana taularatuko dute Artedrama eta Axut! konpainiek; ostiralean ez ezik, gaurtik igandera bitarte taularatuko dute, egunero, 19:30ean. Harkaitz Cano idazleak eta Ximon Fuchs aktore eta zuzendariak idatzitako obra da, eta Fuchsek berak zuzendutakoa. Ramon Agirre donostiarra da laneko aktoreetako bat. Sarrerak hemen daude salgai.
Larunbatean (hilak 25), Intxaurrondora joatea da gure proposamena, kultur etxean egingo duten Kutixik jaialdira. Balio Dute kolektiboak antolatu du laugarrenez, eta bost talde hauek joko dute, 19:00etatik aurrera: Mihise, Physis Versus Nomos, Nize, Xak eta Kulata. Sarrerak hemen daude salgai.
Azkenik, igandean (hilak 26), Groseko Marruma elkarteko saio akustiko elkarrizketatura gerturatzeko gomendioa egingo dizuegu. Ni artista izango da gonbidatua oraingoan, eta 18:00etan hasiko da saioa. Gonbidapena eskatu behar da, aurreko egunean, Marruman bertan.
Bonus track: hau da Aiete Kultur Etxeko Buna: isiltasun osteko ahotsak erakusketa ikusteko azken asteburua, igandean kenduko baitute. 2020ko azaroan, Etiopiako Tigray eskualdean gerra piztu zen, 600.000 hildakotik gora eragin dituena; 120.000 emakume inguruk indarkeria sexuala jasan dute. Egoaizia GKEak laguntza eman du bertan eta egoeraren inguruko erakusketa dago ikusgai Aieten.