Ertzaintzak Zabarte foam pilota batez zauritu izana «estali» nahi izatea salatu du Novoak legebiltzarrean
Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zuten emakumearen bikotekideak adierazi du «infernua» bizitzen ari direla ordutik hona. Eusko Legebiltzarrean «ausardia» eskatu die alderdi politikoei justizia egin dadin laguntzeko.

Ahots urratuarekin eta oraindik oinazea gainetik kendu ezinda, Joseba Novoak Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean kontatu du 2024ko martxoaren 5az geroztik berak eta bere familiak izan duten “gurutze bidea”. Egun hartan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren atarian, Donostiako Anoeta estadioaren inguruan, Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zuten haren bikotekidea, Amaya Zabarte. Orduz gero, “babesgabe” sentitu direla azaldu du Novoak, ez Poliziak ez Justiziak ez baitute urratsik egin gertatu zena argitzeko. Are, salatu du “iluntasuna” eta “gezurrak” aurkitu dituztela bidean, eta ekintza “arduragabe eta guztiz neurrigabe” bat “estali” nahi izan dutela. Agintariei “ausardia” eskatu die erantzuleak identifikatzen laguntzeko.
Bideoek eta argazkiek lagunduta, Novoak puntuz puntu kontatu du azken urte eta erdian egin duten bidea, hau da, Ertzaintzaren oldarraldi hura gertatu zenetik gaur artekoa. Berretsi du Zabarte futbol partida ikustera zihoan zale arrunt bat zela, eta “hilzorian” egon zela ustez foam jaurtigai batek buruan jo eta zauri larriak eragin zizkiolako. Azpimarratu du kolpe horren albo ondorioak bizi osorako geratuko zaizkiola, hala fisikoak nola psikologikoak: “Gure bizitzak bira traumatiko bat eman du”.
Albiste hau Berria egunkaritik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Berria-ren webgunean jarraitu dezakezue irakurtzen.