Frankismoan errepresaliatutako emakumeen testigantzak jasoko dituzte Herreran
Frankismoaren errepresioa jasan zuten Ekialdeko Barrutiko (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) emakumeen testigantzak jasoko ditu Ione Zuloaga Muxika ikertzaileak, hiru saiotan.

Ekialdeko Barrutiko Berdintasun Lantaldeak egitasmo bat jarri du martxan, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, frankismoaren errepresioa pairatu zuten Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko emakumeen ahozko testigantzak jasotzeko. Emakumeen testigantzak ez ezik, LGTBI komunitateko pertsonen errepresio esperientziak ere jasoko dituztela zehaztu dute.
Ione Zuloaga Muxika Aranzadiko historialari eta ikertzailea izango da testigantzak jasotzeko arduraduna, eta hiru saio antolatu dituzte horretarako: urriaren 29an, azaroaren 5ean eta azaroaren 12an. Hiru saioak Herrera Kirol Elkartean izango dira (San Luis Gonzaga plaza, 8), 18:00etatik 20:00etara. Testigantzak bildu eta erregistratzeko, bertan egongo da Zuloaga, eta “emakume horien sufrimendua eta ausardia berreraikitzea eta aitortzea ahalbidetzen duen daturen bat partekatu dezaketen senideak edo pertsonak” gonbidatu dituzte antolatzaileek.
Nabarmendu dute, bestalde, emakumeen eta LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako errepresio frankista askotarikoa izan zitekeela, eta guztien inguruko testigantzak direla baliagarriak: “Exekuzioak, espetxeratzeak, erbesteratzeak, bortxaketa edo abusu sexualak, seme-alaben lapurreta, umiliazio publikoak, ondarearen lapurreta edo suntsiketa, isunak, etengabeko zaintza, lana oztopatzea edo galtzea, euskara transmititzeko debekua, administrazio publikoan edo Elizan izapideak ukatzea, irainak eta abar”.
Zuloagak denbora asko darama emakumeek frankismoan pairatutako errepresioa ikertzen, eta 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua lana argitaratu zuen joan den urtean, Aranzadiren eskutik. Bestalde, horri buruzko hitzaldi mamitsua eskaini zuen duela gutxi Donostian, Gipuzkoako zein Donostiako zenbait kasu adierazgarri xehatuz; hitzaldiaren kronika egin zuen IRUTXULOKO HITZAk, eta hemen daukazue irakurgai.