Hiriko zenbait txoko itxi dituzte haizearengatik
Hiriko zenbait pasealeku, parke eta hilerri itxi dituzte 'Benjamin' denboralearengatik. Batzuk bart gauetik daude itxita, ibilgailu zein pertsonentzat.

Ez da giro Donostian denboraleagatik. Momentuz, Pasealeku Berriaz gain, Haizearen Orrazirako eta Zurriolako morrurako sarrerak itxita daude, baita Gladys Enea eta Loiolako Erriberako Oroimenaren parkea ere. Miramar ere bai, Loretope eta Mirakontxa arteko pasabidea izan ezik. Aieteko parkea ere itxita dago, kultur etxera sartzeko bidea izan ezik, eta gauza bera gertatzen da Urgullen, soilik Orixe ikastolako sarbidea baitago irekita.
Zuhaitz adar ugari erori dira eta zenbait hiri altzairu mugitu ditu haizeak; hala ere, ez da aparteko ezer gertatu, momentuz. Udalak azaldu duenez, suhiltzaileek 30 irteera egin dituzte goizeko seietatik eguerdira bitarte, gehienbat zuhaitzen, txintxorren eta abarren erorketak direla eta, baina ez da ezbehar pertsonalik izan. “Hiru suhiltzaile talde dabiltza hiriko hainbat lekutatik bueltak ematen, sortzen ari diren gertaerak artatzeko”, gehitu du udalak.
Bost metroko olatuak espero dira, bestalde, eta alerta laranja ezarri dute; aurreikuspena dela bihar goizean ireki ahal izatea parkeak eta Pasealeku Berria egun osoan itxita egotea bihar ere.