Katalina Erausoren bizitzan murgildu dira Alvaro Bermejo eta Joseba Urretabizkaia

Alvaro Bermejo idazle donostiarrak eta Joseba Urretabizkaia argazkilari tolosarrak Catalina de Erauso: Pasioa eta loria liburua aurkeztu dute ostegun goizean Donostian. Donostia Kultura udal erakundearen babesarekin ondu dute lana eta Xibarit argitaletxeak argitaratu du, euskaraz eta gaztelaniaz. 727 ale argitaratu dituzte guztira
“Alvaro Bermejok, dokumentazio zorrotzaren bidez, XVII. mendeko pertsonaia paregabe baten bizitzan murgiltzen da: Katalina Erauso, Moja alfereza izenez ezagutua, donostiar jatorriko emakumea, gizon gisa bizi izan zena eta bere garaiko ohiturei erronka egin ziena. Bere bizitza abentura, indar eta askatasunaren sinbolo bihurtu zen”, nabarmendu du Donostia Kulturak. Udal iburutegietako helduen sail guztietan egongo da eskuragai, baita liburu dendetan salgai ere, 60 euroren truk.
Jon Insausti Kultura zinegotzi eta hiriko hurrengo alkateak idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta nabarmendu du Katalina ez zela soilik “garaiaren bitxikeria bat, baizik eta mugen gainetik igaro zen izakia”: “Figura bat, tradizioaren kanon zurrunak gainditzen dituena eta askatasunaren izenean bizi zena”.