Maider Lopez artista donostiarraren orain arteko erakusketa handiena Tabakalera eta Kubo aretoan ikusgai dago
Maider Lopez '327x1383' instalazioa osatzen duten hormetako baten aurrean.Maitane Aldanondo Bi egoitza, erakusketa bakarrarentzat. Ukitu izenburupean, Maider Lopez (Donostia, 1975) artistak orain arteko bakarkako erakusketa handiena osatu du, otsailaren 1a arte ikusgai egongo dena, bai Tabakaleran bai Kubo aretoan. Bi aretoetan banatuta, 25 proiektu bildu dituzte, azken hamarkadakoak, asko aurrez erakutsi gabeak Donostian, eta berreskuratutako aurreko zenbait lan ere, testuingurua emateko eta lortura berriak sortzeko. Bi zatiak osagarriak dira, eta elkarrekin, “ekosistema bakarra” osatzen dute; besteei eta elkarri eragiteko maila ezberdinak lortzen ditu. Kubo aretoaren 25. urteurrena eta Tabakaleraren hamargarrena ospatzeko antolatu dute, bi erakundeen arteko lankidetza “berritzaile” gisa.
Eraikinak, plazak, mendiak, hondartzak edota ibaiak. Hiri eta natura inguruneetan esku hartzen du Lopezek. Ekintza batzuk eskala handikoak dira eta beste batzuk sotilagoak. Besteekin eta inguruarekin harremana aldatzera gonbidapena dira, maiz ikusleen parte hartzea behar dutenak: kolektibitateak sortzen dituzte, ekintza publikoetatik hasi eta artistak behatu eta erregistratzen dituen egoeretaraino.
Izenburuak ukitzeko eta ukitua izateko gaitasunari eta artearen dimentsio afektiboari egiten die erreferentzi, baita artistak esku hartzen duen testuinguruen eraldaketari ere. Pertzepzio, interakzio eta kolektibitate maila desberdinak lortzen dituen ekosistema gisa funtzionatzen du erakusketak.
Suelo instalazioa topatuko du bisitariak Tabakalerako aretoan sartzean. Ohol solteekin estaltzen du zorua, ikuslearen gorputz eta pertzepzio esperientzia aldatzeko. Ataskoa da ikusiko duen lehen lana: auto ilara luze bat, urrunetik aterata. Deialdi publiko bidez mendia trafiko ilarak sortzea izan zen ekintzaren helburua. Hala, aldi baterako kolektibitatea sortu zuen, interes desberdinak zituzten pertsonen arteko topaketaren bidez. Hori da Lopezen lan metodo nagusia eta behin eta berriro ageri da bildumetan.
Seinaletik, landareak kaleetan barrena, bideoak eta argazkiak, segurtasun kamerak. Askotariko elementuak daude bilduman, naturari lotuta maiz. Uraren forma aldakorra zenbait lanetan jaso du: uraren forma aldakorren aurrean autoantolatzeko beharrak eragiten duen kolektibitatea. Agua limpia de río Costa RIcan grabatutako tamaina eta kolore desberdineko baldeetan ura biltzen ikus daiteke. Proiektatzen den hormaren atzeko aldean, aldiz, balde horien antzekoak daude. Uraren ibilgua marrazten dute, aldiz, hainbat lagunek Mimicking the Birds Mimiching the Waves lanean. Pieza horrek lotura du belarrarekin egindako beste lan batekin, hori, ordea Kubo aretoan dago.
Kolorea nagusi
Kubo aretora sartzean, ezkerrean horma berde bat topatuko du bisitariak. Bertan bi zenbakiren arteko biderkadura dirudiena, zehazki, pareta horren dimentsioen datuak dira. 327×1383 (2001/2025) instalazioan, haren alboa, aldapa, atzeko paretak, kolore desberdin batek estali ditu eta beren neurriak dituzte gainean idatzita. Horren bidez, espazioaren kontzientzia hartu eta ustez antzeko diruditen elementuen desberdintasunak nabarmendu ditu.
Sarreratik pare parez, berriz, koloreztatutako laukiek osatutako Caja de 120 lápices de colores (2017-2025) tamaina handiko instalazio dago. Bederatzi urtean osatu du, margo kaxa osatzen duen arkatz bakoitza amaitu arte erabilita. Haren aurrean lau oihal handi zintzilik daude, kolore bizikoak, erakusketan bertan ikusgai dagoen (Telón.) ekintzan erabilitako antzerki errezelak dira. Aktorerik gabeko antzezlana da, oihalek hartzen dute eszenarioa eta horiek dira protagonistak. Azkenik, alboko paretan, berriz, Playa lanak egunerokotasunak paisaia nola eraldatzen duen jasotzen duten argazkiak dira. Lopezek eskuoihal gorria eman zien igande batean Zumaiako hondartzan zeudenei, itxurazko normaltasuna hankaz gora jarrita.
Aipatu lanek eta aretoan dauden gainerakoek errealitatea hautemateko duen interesean sakontzen dute eta koloreari buruz egin duen ikerketak dituzte abiapuntu. Baita norbanakoa eta kolektiboaren arteko jolasa ere. Kolektibotasunak eta pertzepzioak ere esku hartzen dute ekintza horiekin lotuta, ukimena ezagutzeko modu gisa.
Osagarri
Erakusketa osazeko, jarduera programa bat ere antolatu dute: bisita solasaldiak eta gidatuak, familientzako saioak eta arte lantegiak, eta arte garaikideko saio bat Tabakalerako erakusketa aretoan, Juntura Kooeperatibaren eskutik. Horrez gain, Aitor Arriola komisarioak gidatutako bisita bat egingo du erakusketaren bi egoitzetan barrena.
Era berean, artistaren azken hamarkadako lana dokumentatzen duen argitalpena era izango du erakusketak. Arriolaren saiakera bat eta Loper eta Hans Ulrich Obrist arte kritikari eta nazioarteko komisarioaren arteko solasaldi bat barne hartzen ditu.


