Arreta goiztiarra, jarraipena eta laguntza eskatu dute Arreta Gabeziaren eta Hiperaktibitatearen nahasmendua dutenentzat
Aurtengo AGNH-ren eguneko manifestua aurkeztu dute udaletxeanDonostiako Udala Datorren astelehenean, hilak 27, Arreta Gabeziaren eta Hiperaktibitatearen eguna da. Gaitzari ikusgarritasuna emateko asmoz, aurtengo kontzientziazio kanpaina aurkeztu dute udaletxean egindako prentsaurrekoan EAEko federazioko kide Maite Urkizuk eta Amaia Garciak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maria Jesus Idoeta ondoan zutela.
Neurogarapen nahasmendu hau pairatzen dutenek beharrezko dute “arreta goiztiarra, jarraipena eta laguntza”, bizitza osoan zehar. EAEn, ordea, ez dago ez adostasunik ezta ekitaterik ere jasotzen duten arretan. Salatu dutenez, “osasun mental publiko eta errealik ez dago guztientzat”. Izan ere, familiek AGNH duten seme-alabak dituztenean, “derrigortuta” daude profesional pribatuetara jotzera edo behar duen osasun mentalaren arreta ukatzera. Halaber, gaitza ukatu ere egiten dietela gehitu dute, asmakizuna dela adierazita.
Nekatuta daude “bigarren mailako” pazienteak balira bezala tratatuak izateaz eta diagnostikoa etengabe zalantzan jartzeaz. “Nekatuta gaude gure egoera gutxiesteaz eta gure ahotsa isilarazteaz”. Nahiz eta azken urteetan osasun mentalaz kontzientzia hartu dutela esan, politikariak orain hasi dira benetan garrantzia ematen; eta fokua larritasunean jarri ohi dute. “Nahasmendu larriak daudenean, suizidio-saiakerak gertatzen direnean, guraso-semeen arteko erasoak, autoritatearen aurako erasoak edo delituak daudenean, orduan bai, eskua buru gainera eramaten dituzte eta ‘magiaz’ dirua agertzen da”. Hala jokatu beharrean, lehen sintomei lehen urteetan duten garrantzia ematea eskatu dute, behar bezala ez artatzeagatik, bestelako gaixotasun larriagoak garatzen baitituzte askok.


