«Beti gustatu izan zait artistak aurkitzea eta berreskuratzea»
Cristina de la Fuentek (Gros, 1959) ia hiru hamarkada daramatza Arteko arte galeriaren gidaritzan. 30 urte Grosen eta 30 urte artearen munduan murgilduta. Dioenez, «bizitzeko modu bat» da berarentzat artea, «pasio bat». Bitxikeriaren bat ere kontatu digu, Vatikanoko irratian esatari aritu zenekoa, besteak beste.
Cristina de la Fuente, Arteko arte galeriako arduraduna.Beñat Parra Zergatik aukeratu duzu Gure Txoko?
Gure Txoko oso taberna atsegina delako, pintxo oso goxoak ditu, prezio onean. Eta, bide batez, inguruan jendez eta, nagusiki, turistaz betetzen diren tabernen zonatik kanpo dagoelako. Auzoko betiko jendearekin topo egiten dut hemen.
Gainera, Grosekoa zara eta Arteko arte galeria hemen daukazu, baita ere.
Gros auzoan ibili naiz beti, bai. Gogoratzen dut txikitan Usandizaga kaleko parkean jolasten nintzela eta amak Gloria okindegira eramaten ninduela, pastel eta ogi bikainak zituena. Grosen bukatu izan dut beti, gaztetan ere, lagunekin Parte Zaharrera joaten ginenean, nik Grosera etortzeko esaten nien. Garai hartan, Gros tailer askoko auzoa zen, eta zubia hesi baten modukoa zen. Nork esango luke orain, ezta?
Gero, galeria irekitzera nindoanean, lagunek Prim kaleko lokal bat gomendatu zidaten, baina azkenean, Secundino Esnaola kalean ireki nuen, Grosen. Hamar urte egon nintzen han, gero Iparragirre kalean 18 urte egin nituen eta, orain, galeria Dunas kalera eraman dut; beste espazio bat da, beste kontzeptu batekin. Nire hirugarren zikloa, nola ez, Grosen.
Zer ikusi dezakegu orain Artekon?
Orain, Joxan Izaren erakusketa zoragarri bat daukat, Bergarako artista bat da. Berarekin antolatu dudan laugarren erakusketa indibiduala da. Artekoren helburuetako bat da ditugun artistekin oso leial izatea, haiekin jarraitzea, ibilbidea egitea, nahiz eta guztiekin ez den posible, noski.
Ia 30 urte daramatzazu galeriarekin. Nola sortu zen Arteko?
Nire nahia artista izatea zen, baina ez artista plastikoa, baizik eta artista interpretatiboa. Baina garai hartan, ez zegoen interpretazio eskolarik hemen inguruan. Argazkilaritza ere gustatzen zait eta gustatu izan zait, eta, azkenean, Kazetaritza ikasi nuen.
Ikasketak amaituta, Erromara joan nintzen eta Vatikanoko irratian aritu nintzen kazetari lanetan: Han ezagutu nuen Nori [Ushijima], japoniar margolari eta arte zaharberritzaile bat, nire bikotekidea izango zena eta egun senar ohia dena. Han bizi ginen hainbat urtez, baina Donostiara itzuli ginen haur bat izan genuenean. Hemen, kazetari gisa lan egiteko lana bilatzen hasi nintzen, baina ez nekien euskaraz —orain euskara ikasten ari naiz— eta urte gutxitan hainbat seme-alaba gehiago izan nituen; lan bat topatzen nuenerako, haurdun gelditzen nintzen berriz eta ez nuen egonkortasunik lortzen. Orduan, artea hainbeste gustatzen zitzaidanez eta Noriren lanarekin horren inplikatuta nengoenez, artearekin zerikusia zuen zerbait egitea erabaki nuen. 27 gipuzkoar artistarekin harremanetan jarri nintzen eta paperean egindako lanen azoka bat antolatu nuen, hotel bateko areto batean. Arrakasta izan zuen, eta orduan ikusi nuen galeria bat sortzeko bide egokia zela hori. Horrela hasi zen abentura.
Zer ibilbide izan du galeriak?
Artekok bere marka pertsonala dauka, eta bere bide propioa egiten du, modetatik kanpo. Denborarekin sendotu egin da, nahiz eta ibilbide oso zaila izan den. Batzuetan pentsatu izan dut ‘zer egiten dut nik hemen?’, baina jada ezin dut aldatu, hau aukeratu dut bizimodu gisa.
Vatikanoko irratian lan egin zenuela esan duzu. Kontatu iezadazu zerbait garai horretaz.
Kazetaritza bukatu berri nuen, eta bi kazetari eta bi artista Erromara joan ginen, abenturara. El Diario Vasco-n egin nituen praktikak eta Erroman zuten korrespontsalak animatu ninduen Vatikanoko irratian curriculuma aurkeztera. Lau ahotsetan eta lau hizkuntzatan egiten zen saio oso interesgarri bat zegoen han, eta grabazio bat aurkezteko esan zidaten proba gisa. Oso zaila izan zen, baina Amintore Fanfaniri elkarrizketa egitea lortu nuen, garai hartan Italiako Senatuko presidentea zena eta Santa Teresa Jesuskoari eta Grekoari buruzko liburu bat idatzi zuena. Irratian ikaragarri gustatu zitzaien, baina beste elkarrizketa bana eskatu zidaten gaztelaniaz, ingelesez eta alemanez. Hala moduz eta abentura batzuk tarteko, lortu nituen eta kontratatu ninduten. Han egon nintzen Donostiara itzuli arte.
«Oso zaila izan zen, baina Amintore Fanfaniri elkarrizketa egitea lortu nuen eta Vatikanoko irratian kontratatu ninduten»
Galeriara itzuliz, baduzu erakusketa edo artistaren bat bereziki gogoan duzuna?
Asko, asko. Dora Salazarrekin lan asko egin dut eta Norirekin ere, noski. Oso gustuko izan dut, bestalde, Martxoaren 8an erakusketa bereziak egitea, eta, oro har, emakume artista askorekin lan egin dut: Isabel Herguera, Esther Ferrer eta abar.
Eta arantzatxoren bat ba al daukazu?
Beti egongo dira ekarri ezin dituzun artistak. Artearen mundua oso konplikatua da. Benetan artista oso-oso handi batera heltzeko, galeria oso sendoa izan behar da. Oso gustuko duzun artista bat sarritan hain ezaguna da, eskuraezina dela. Hori gertatzen zait batzuekin, eta beste batzuk oso ezagunak dira, baina niri ez zaizkit interesatzen.
Beti gustatu izan zait artistak aurkitzea eta artistak berreskuratzea. Oso beharrezkoa da, urteetan linbo moduko batean geratu diren artista zoragarriak daude, artearekin bizi izan direnak baina oso ezagunak ez direnak. Hori izan da beti Artekoren lan ildoetako bat, beti artista profesionalekin, noski.
Arteaz gain, zer gehiago egiten duzu egunerokoan?
Gauza gehiago egiten ditut, baina artea nire egunerokoaren zatirik handiena da, nire bizimodua da.
Beste arte galeria batzuetara joaten zara zure aisialdian?
Gustatzen zait, bai. Oporretan nagoenean, gustatzen zait beste hirietako galeriak bisitatzea, ikustea zer ari diren egiten. Pasio bat da, esan bezala.



