Easoko trenbide eremu berria: erakusketa eta bizilagunen kezka
Easoko trenbide eremua «auzo berri» bihurtzeko proiektuak irudikatu dituzte zenbait estudiok, eta proposamen horiek, hala, suhiltzaileen etxe zaharrean jarri dituzte ikusgai, erakusketa batean.
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta Pablo Garcia Astrain Etxebizitza zuzendaria, erakusketa ikusten. Irekia Abian da egun Easoko trenbide eremua denean zer eraikiko den erabakitzeko lehiaketa publiko bat. Zenbait estudiok aurkeztu zuten beren partaidetza, baina bost dira, azkenean, saritu dituztenak —hiru pasatu dira bigarren fasera—. Herritarrei horien berri emateko, hala, erakusketa bat antolatu du Euskadiko Arkitektura Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatuta, Donostiako Udalarekin lankidetzan. Hurrengo geltokia: Amara-Easo du izena, eta azaroaren 14ra arte egongo da ikusgai Amarako suhiltzaileen etxe zaharrean —Easo kalea, 43— asteartetik igandera, 17:00etatik 20:00etara.
Ibilbideak, panelak, planoak, maketak, marrazkiak eta errealitate birtualeko esperientzia bat uztartzen ditu erakusketak, bisitariek lehiaketa publikoan parte hartu zuten proiektuak xehetasunez ezagutu ahal izateko. Gainera, sarrerako panel batek jarduteko eremuaren historia eta trenbideak lurperatu ondorengo etorkizuneko plana jasotzen ditu, hiri eraldaketa handi horri testuingurua emateko. Auzo berria nolakoa izango den imajinatzeko aukera eskaintzen du erakusketak, baina bizilagunek irudikatu dute, sarritan, nola gustatuko litzaiekeen beraiei izatea. Mahai gainean jarritako horiek, ordea, ez dituzte inon ikusi.
Eskaerak, mahai gainean
Urteak daramatzate Amarako bizilagunek auzoa apur bat gehiago aberastuko duen zerbitzu zerrenda bat eskatzen; orain arte, ordea, ez dute erantzun zehatzik izan, eta Easoko trenbide eremuko proiektuak hausnarketarako tarte handia eman die auzotarrei: inork ez ditu beren eskaerak entzun, eta inor ez da beraiekin harremanetan jarri, diotenez. Proposamen itxiak izan dira guztiak.
«Etxebizitzaren inguruko tetris joko bat» dirudiela aitortu du Harkaitz Aranburu bizilagunak: «Letra asko dago, informazio asko, ezer ez esateko. Maketak oso politak dira, baina ez ditugu ulertzen». Hala, bilera bat hitzartu dute Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Kultur Agenda sailburuarekin, azalpenak jasotzeko itxaropenarekin; izan ere, maketetan ez dituzte beren eskaerak ikusi. «Badakigu proiektu hau kristoren aukera dela Donostiarentzat publikoki, eta aprobetxatu behar dugula, baina non dago kultur azpiegitura? Eta kiroldegia? Auzoko taldeentzako lokalak?».
Amararekin «bereziki sentikorrak» izan beharko luketela uste du Aranburuk, San Bartolomerekin egindako «astakeria» eta gero: «San Bartolomek ikasteko balio beharko luke berriro halakorik ez gertatzeko, eta, uste dut, bide beretik goazela».
Aurkezpen publikoa
Aurkezpen publiko batean ezagutaraziko dituzte proiektuak; hori, hala, bihar izango da, 11:00etan, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan. Jardunaldian, hiru proiektu finalisten ordezkariek —PAM City Makers, RAZ y Usandizaga eta Beldarrain estudioak— beren proposamenak aurkeztuko dituzte eta eztabaidarako tartea izango da, herritarrek eremuaren etorkizunari buruzko euren galderak eta ikuspegia parteka dezaten.
Elkarrizketa eta bizilagunen parte hartzea sustatu nahi dute aurkezpenarekin; saioan biltzen dituzten iradokizunak nola txertatu ikusiko dute finalistek, auzoarekin bat etortzeko: «Amara-Easo berriaren prozesu kolektiboaren helburua da bertan bizi direnen aniztasuna, beharrak eta nahiak islatzea, guztion artean Donostia konektatuagoa, habitagarriagoa eta partekatuagoa eraikita», adierazi dute arduradunek.
Hala ere, planoak ikusi eta «polita» geratuko delakoan, zalantza asko sortzen ditu, oraindik ere, honek guztiak auzotarrengan. Aranburuk dio ez dituztela proiektuak «interpretatzen», eta azalpenetan arduradunak «zintzoak» izatea nahiko luketela.
Donostiarrak Donostian, ere bai
Erronka nagusia donostiarrak Donostian bizitzea izan beharko lukeela uste du Aranburuk: «Hona bizitzera datorren jendea auzoetan integratu behar dugu, eta horretarako, garrantzitsua da gure hitza entzutea, gure auzoaz ari direnean. Hemengoak garenok hemen geratzea ere bada kontua, eta auzoa auzotik eraikitzea».
Auzotarrek ere irudikatu izan dute beren auzo berria: «Gentrifikazio prozesu honi aurre egin behar zaio eta aukera ona dagoela uste dugu. Baina ditugun gabeziak eta eskatzen ditugun zerbitzuak presente egon beharko lukete, aspalditik aldarrikatzen aritu garenak». Sarritan esan diete zentroan bizi direla, eta horrek askotariko zerbitzuez disfrutatzeko aukera ematen diela; beraiek, ordea, ez daude guztiz ados horrekin: «Zerbitzu horietako bat bera ere ez da auzoari begira eskainia».
Erabakia 2026ko udaberrian hartzea aurreikusten dute. Orduan, aukeratutako proiektuaren taldeak idatzi beharko du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala; udalak onartu eta tramitatu beharko duena. 21.000 metro koadroko eremua eraldatuko duen hiri proiektu jasangarriaren lanak, babestutako 400-500 etxebizitza barne, berriz, 2030ean has daitezkeela uste dute arduradunek.



