Hilaren 30ean aurkeztuko dute, Bartzelonan, 1936ko gerran Gipuzkoa defendatu zuten nazioarteko boluntarioei buruzko ikerketa liburua
Aitor Azurki eta Aitzol Arroyo, ikerketa lana eskuan. 90 urte beteko dira datorren urtean, 1936ko gerra hasi zenetik; Gipuzkoako Foru Aldundiak horri lotuta martxan jarritako zenbait proiektuetako bat da Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak abian jarri duten ikerketa-liburua: 1936ko gerran Gipuzkoa defendatzera etorritako nazioarteko boluntarioei buruzko lan bat. Hilaren 30ean aurkeztuko dute Bartzelonan, Nazioarteko Brigaden I. Kongresuan, eta kaleratzea, ordea, 2026rako dago aurreikusita.
“Historia eta politikaren ikuspegitik aurkikuntza garrantzitsua” izango da lana; izan ere, borrokalari antifaxistei buruzko kontakizun ofiziala desmuntatuko du. Nazioarteko Brigadak ofizialki sortu baino hilabete batzuk lehenago, 175 borrokalari atzerritar iritsi ziren Gipuzkoara 1936ko abuztuan, eta horiek izan ziren modu antolatuan aritu ziren lehen nazioarteko borrokalariak: “Jakin gabe ere, historia egin zuten”, esan du Azurkik.
Bi urtez aritu dira Azurki eta Arroyo dokumentazio lanetan, eta aurkezpena, hiru hitzaldiren bitartez egingo dute: lehena, Gipuzkoara iritsitako borrokalari antifaxista atzerritarrei buruzkoa; bigarrena, borrokalari poloniar eta judu ‘Estoucha’-ren figurari buruzkoa; eta, azkena, berriz, Abram Gostynski internazionalistari eskainia izango dela azaldu dute. “Orain arte guztiz ezezaguna izan da borrokalari haien garrantzia eta esanahia Euskal Herrian”, justifikatu du Azurkik.
Liburu baten sorrera
Aipatu bezala, 2026an kaleratuko du aldundiak ikerketa-liburua, euskaraz eta gaztelaniaz, gerraren 90. urteurrenarekin batera. Borrokalariei buruzko informazioaz gain, “orain arte guztiz baztertuta egon diren pasarteak” ere biltzen ditu lanak — 1937an Irunen ezarritako atzerritarren kontzentrazio esparruan 500 lagun baino gehiago internatu izana, kasu —.


