Mendekuarena?
Zuzendaria: Jafar Panahi · Urtea: 2025 · Herrialdea: Iran
Un simple accident komedia beltza —thrillerra ere bada— izan da Jafar Panahi zinemagile irandarraren itzulera txartela. Filma bera eta zuzendariaren asmoak hobe ulertzeko, gogora dezagun Panahiren ibilbidea estuki lotua egon dela beti Irango erregimenak beraren eta bere lanaren gainean ezarritako errepresioarekin.
Besteak beste, hamabost urte eman ditu nazioarteko jaialditan parte hartu ezinik, 2010an bere herrialdeko justiziarekin izandako liskar baten ondorioz. Izan ere, sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten erregimenaren aurkako propaganda egiteagatik, eta, gainera, filmak egiteko eta herrialdetik irteteko debekua jaso zuen hurrengo hogei urteetarako. Horrekin ere, zinema edozein tokitan egin daitekeenaren premisari helduta, bere herrialdean atxikita egon zen urteetan ere filmak estreinatzen jarraitu zuen: lehena, bere etxean bertan errodaturiko In Film Nist / This is Not a Film (2011) dokumentala; ondoren, taxi batean igota —kalerik zapaldu gabe— ondu zuen Taxi Téhéran (2015), zeinak Urrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalen. 2018an, halaber, Gidoi Onenaren saria eskuratu zuen Cannesko Zinemaldian, Se rokhaka / Trois visages lanari esker, baina ezin izan zuen jaso.
2022an, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Venezian, erronka fisiko, artistiko eta politiko are handiagoa izan zen Khers Nist (No Bears) filmarekin, zeina bere herrialdeko mugan galdutako herri batean filmatu baitzuen, kanpora irteten uzten ez zion erregimenari erronka botaz. Urte hartan kartzelara itzuli zen; 2023an atera zen eta, azkenean, urte hartako apirilean, bidaiatzeko debekua kendu zioten.
Bada, urte hasieran heldu zen Frantziara, maiatzean Cannesko Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zuen Un simple accident filmaren muntaketa osatzera. Hain zuzen ere, publikoaren babesa eta Urrezko Palma jaso zituen bertan. Bada, zinema kritika politikarako tresna gisa erabiltzeari uko egin gabe, zinemagileak bere sufrimendu propiora gerturatuko gaitu oraingoan, istripu txiki baten ondorioz, eta beren torturatzailea izan zena aurkitu dutenaren ustean, elkarrekintzan aritzera behartutako pertsonaia batzuen erretratu itogarriaren bidez.
Askatasunaren hauskortasuna, giza harremanen konplexutasuna, eta zentsura gisako kontrol mekanismo zorrotzen existentzia bezalako gai mardulak ipini ditu mahai gainean, kurioski, ezkutuan filmatu duen lanean. Mendeku baten kronikatzat aurkezten zaigu, baina nik esango nuke gehiago dela erreparazioari buruzko errelatu bat. Hain zuzen, hamaika dira kateatzen diren etengabeko eztabaida eta elkarrizketek azaleratzen dituzten kontraesanak: behinola jasotako indarkeria haren erreprodukzioan erortzearen arriskua —lehen biktima eta, orain, borrero?—; jazarle izandakoaren topaketan erratu izanaren ideia; eta, gaizkiaren hutsalkeria eta biziraun beharra nagusi diren gizartean, baita errepresorea gizatiartzearen tentaldia ere.
Panahik generoen arteko dantza darabil: komedia beltza da nagusi, baina filmak badu asko drama sozial eta thrillerretik ere. Hala, tonua ere aldatzen doa, traumak eta kartzelatik pasatzearen eta torturatuak izatearen ondorioak isilean bizi izan dituzten biktima horien kontakizunean zehar. Izan ere, umorea Irango gizartean dagoela defendatzen du Panahiren zinemagintzak


