Palestinari buruzko zikloa egingo dute azaroan Intxaurrondo Kultur Etxean
Ibaitik itsasoraino, beste begirada bat Palestinari buruzko zikloa aurrera eramango dute Intxaurrondo Kultur Etxean. Zehazki, Federico Vespignaniren Short Term, but Long Term erakusketari lotuta hainbat jarduera antolatu dituzte. Bilduma, Israelgo IDFko soldaduen Tinder eta antzeko aplikazioetako hainbat profilekin osatua dago. Gazako genozidioaren testuinguruan Israelen zabaldu den kultura militarraren eta heriotzaren erotizazioaren inguruko hausnarketa gordina eragiten du. Azaroaren 11tik abenduaren 24ra bitartean ikusgai dago Intxaurrondo Kultur Etxean.
Irekiera egunean, Mikel Aramendi kazetariak Sionismoa: traszendentziaz mozorrotutako kolonialismo bat hitzaldia emango du, 1947tik gaur egun arteko gertakarien eta sionismoaren gako nagusien errepasoa eginez. Horren ondoren, Iratxe Retolazak gidatutako literatur solasaldia izango da Adania Shibliren Detaile xume bat liburuaren bueltan. Euskaraz egingo dituzte bi saioak, 18:30ean eta 19:30ean, hurren hurren.
Azaroaren 12an, berriz, Deshumanizar como estrategia mahai ingurua aurrera eramango dute. Jaime Otamendik gidatuta, Hithem Abdulhaleem psikologian doktorea eta Donna Nevel komunitate psikologoa izango dira hizlari. Lehena, duela 25 urte Euskal Herrian errotutako palestinarra da, doktore tesia egin zuen fundamentalismo erlijiosoaren fenomenoari eta erradikalizazio prozesuari buruz. Bigarrena, berriz, Jewish Voice for Peace in the US elkarteko arduradunetako bat eta Global Jews for Palestine nazioarte mailako elkarteko sortzaile judua da. Solasaldian genozidioa ahalbidetu duten bestelako faktore eta gako sozial, hezitzaile eta psikologikoetara hurbiltzeko saiakera egingo dute. Gaztelaniaz egingo dute saioa, ingelesetik itzulita, 19:00etatik aurrera.


