Urriaren 27an hasiko da 2026ko Urrezko Danborra hautatzeko prozesua
2024ko Urrezko Danborra.Beñat Parra Herritarrek ez ezik, elkarteek, enpresek, kirol elkarteek, udal taldeek eta fundazioek ere, astelehenetik aurrera (hilak 27) eta azaroaren 9ra bitartean, 2026ko Urrezko Danborra jasotzeko beren hautagaitzak aurkeztu ditzakete.
Udalaren web atarian bitartez aurkeztu behar da hautagaitza eta, arazorik eduki ezean, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoek laguntza eskainiko dute. Hala, proposamen bakarra onartuko da, entitate edo pertsona bakoitzeko.
Hautaketa prozesua
Azaroaren 9an hautagaitzak aurkezteko epea ixten denean, Idazkaritza Orokorraren eta Herri Partaidetza Zerbitzuen txanda izango da: proposamen guztiak aztertu, eta azaroaren 10etik 21era bitarteko egunetan, Bozeramaileen Batzordera bidaliko dituzte txosten guztiak.
Azaroaren 24an hasiko da hurrengo pausoa, 28ra arte: Batzordeak hiru hautagai aukeratuko ditu (gehienez) eta, gehiengo berezia lortzekotan (udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren bi heren), zuzenean esleituko litzaioke Urrezko Danborra partaidetza horri.
Gehiengo berezirik egongo ez balitz, herritarrek hartuko lukete hitza, orduan: abenduaren 9tik 15era bozkatu ahal izango dute saritu nahi duten proposamen horrengatik. Bozketa prozesu hori egiteko, hala, derrigorrezkoa izango da 16 urtetik gora edukitzea, eta Donostian erroldatuta egotea. Bozketa udalaren webgunean edo aurrez aurre egin beharko dute, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoan.
Gauzak horrela, eta prozedura hau guztia jarraitu ostean, abenduaren 16an iragarriko luke udalak hautagaitza saritua, eta udalbatzarrak berretsi.


