Udala larrialdietarako etxebizitzetan daudenei 600 euroraino kobratzen ari dela salatu du etxebizitza sindikatu sozialistak
“Urriaren hasieratik, Donostiako Udala larrialdi etxebizitzetan dagoen familia bakoitzari kobratzen ari da. Eguneko 20 euro da ezarritako prezioa eta tasa hori familia bakoitzaren diru sarreren arabera moldatzen da”, salatu du Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Gizarte Zerbitzuen aurrean egindako agerraldi baten bidez. Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) soilik, edo hori baino gutxiago, jasotzen duten pertsonei 20 euroko tasaren %5 kobratzen die udalak, eta gainerakoei, berriz, %50 edo %100. Beraz, hilabete amaierarako, etxebizitzaren gastua 600 eurorainokoa izaten ari da.
Neurri horren “izaera antiproletarioa” nabarmendu du sindikatuak, ohartaraziz “gizarteko sektore pobretuenei eragiten diela”, larrialdietarako etxebizitzak direla kontuan hartuta. Hortaz, pertsona horiek “are gehiago pobretzea” eta “etxegabetze prozedura berriak irekitzea” eragingo duela seinalatu du: “Tasa ez ordaintzea etxegabetze prozesu administratibo bat irekitzeko arrazoia izan daiteke”.
Kritika erakunde publikoei eta politikariei
Sindikatuak gogora ekarri duenez, “azken bost urteetan gizarte zerbitzuen arreta jaso duten familia kopurua %21 hazi da”, eta “etxebizitzaren alorrean familiak kalean ez gelditzeko baliabide material falta” salatu izan dute zerbitzu horietako langileek, hainbatetan egin baitute greba. Hala ere, “Donostiako Udalak zein Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arazoa eskaintza faltan kokatzen” dutela gaitzetsi du sindikatuak, eta “ziklo eraikitzaile berri bat bultzatzen” ari direla bai EAJ bai PSE-EE. “Lurzoru eta azpiegitura publiko kopuru izugarriak bideratzen dituzte higiezin-enpresen eta eraikuntza-enpresen interesei erantzutera, etxebizitzaren arazoaren arduradunen eskuetara”, dio.
Hala, Donostiako Udalak “langile gehiagoren kontratazioa” edo “bulegoen berritze-lanak” aldarrikatzen dituen bitartean “murrizketak estaltzen” dituela uste du sindikatuak: “Aterpetxeen itxiera, zerbitzuen azpikontratazioa, DBEren erreforma…”.
Murrizketei eta etxebizitzaren negozioari ez
“Lehenik eta behin, leku okerrenean daudenen beharrak ase behar dira”, defendatu du sindikatuak. Eta gaineratu du: “Etxebizitza modu unibertsalean bermatutako ondasuna izango balitz eta etekinak metatzeko bitarteko izateari utziko balio, ez litzateke murrizketei buruz hitz egingo, eta larrialdi pisuak ez lirateke beharrezkoak izango”. Horregatik uste du tasa horrek erakusten duela “instituzioen logika errentagarritasunean oinarrituta dagoela”.
“Kaltetutako familiei babes legal eta politikoa eskaintzeko ahal duten guztia” egingo dutela azaldu dute sindikatuko kideek, eta dei egin dute “kalitatezko eta doako etxebizitza sarbide unibertsalaren alde antolatzera”.


