1.300 bat korrikalarik parte hartuko dute Donostiako Nazioarteko 69. Krosan
Igandean, azaroak 2, jokatuko dute Zubietako hipodromoan; estatuko eta nazioarteko lehen mailako kirolarien parte hartzearekin.
Krosa antolatzen duten erakundeetako ordezkariak gaurko aurkezpenean.Donostiako Udala Zubietako Hipodromoan jokatuko dute igandean, hilak 2, Donostiako Nazioarteko 69. Krosa. “Krosaren katedrala” gisa ezaguna, atletismoaren egutegiko hitzordu esanguratsuenetako bat da. Proba Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolatu du, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesarekin.
Lehen mailako kirolariak bilduko ditu aurten ere, World Athleticseko egutegian duten zilarrezko kategoriari esker, estatuko eta nazioarteko atleta nabarmenen parte hartzea bermatzen du. Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek nabarmendu du maila handiko kirol proba izateaz gain, “maitatua eta preziatua” dela. “Proba hau gure egutegiko kirol-hitzordu handienetako bat da, eta benetako erreferentea atletismoaren barruan. Zirkuituak esperientzia paregabe bat eskainiko du berriro, beraz, herritar guztiak hipodromora hurbiltzera gonbidatzen ditugu, lehen mailako kirol jardunaldi batez gozatzeko eta bisitatzen gaituzten atletei laguntzeko”.
Atletismoaren erreferenteetako bat den heinean, hura zaintzeko beharra adierazi du Gabarainek. Izan ere, “ondarearen eta historiaren parte” da, “kirolaz harago, identitatean eta gure kirolaren historian errotzen dena”. Horretarako, “indarrak batu” eta lankidetza publiko-pribatua sustatu behar dela uste du zinegotziak, “prestigioa berrekuratu eta haz dadin”. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Atletismo Federazioaren helburua probari bere bereizgarri den ospe historikoa itzultzea da, landako atletismoaren erreferentzia gisa duen zeregina sendotuz.
Zirkuitua da probaren erakargarritasun handienetako bat eta azken urteetako ibilbideari eutsiko dio. Hala, harmaila nagusiaren aurreko belarrezko zuzenetik igaroko da —bertan jarriko dute helmuga—, eta probaren “esentzia tradizionalaren zati bat” berreskuratuko du.
Parte hartze handia espero dute antolatzaileek, besteak beste, Euskadiko Atletismo Federazioak lasterketa Espainiako Kluben arteko Kros Txapelketarako sailkatze proba izendatu baitu, azaroaren 23an jokatuko dutena, Atapuercako Nazioarteko Krosaren esparruan. Guztira, bederatzi lasterketa izango dira, 09:45etik 13:10era bitartean eta 1.300 bat korrikalarik parte hartuko dute. Horietako 670 bat eskola haurrak, 640 federatuak eta 30 kirolarik egokitutako kategorian. Aurreko urteetan bezala, desgaitasuna duten kirolariei zuzendutako probekin hasiko da jardunaldia, eta aurreko edizioetan izandako harrera bikainaren ondoren irekiko dute programa.
Gizonezkoen saria Donostiako Udalak banatuko du, Emakumezkoena, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azken horri lotuta, emakumezkoen lasterketa gero eta hobeagoa izateko ahalegina nabarmendu dute antolatzaileek.


