Agitiko kala lehengoratzeko neurriak hartzeko eskatu du EH Bilduk
Igeldoko Agiti kalako arrain haztegia.Eguzki Agitiko kalan “baimenik gabeko lanak” egiten ari zirela salatu zuen Eguzki plataformak joan den astean, eta alegazioak jarri dizkio Blue Reef Algae enpresak aurkeztutako proiektuari, ingurumena lehengoratzeko asmoz. Lehengoratzea martxan jartzeko eskatu zion Eguzkik Eusko Jaurlaritzari martxoan, eta duela bost hilabete, horixe bera egin zuen udalak. Oraindik, ordea, jaurlaritzak ez du ezer egin, koalizioak egiaztatu ahal izan duenez.
EH Bilduk horrekiko “harridura” azaldu du, gaur; gainera, bertan algak ekoizteko proiektua aurkeztu zuen irailean Blue Reef Algae enpresak, eta EH Bilduk jakinarazi du enpresak proposatutako proiektua ez dela algen ekoizpenera mugatzen.
Gauzak horrela, EH Bilduk kontrol mozio bat defendatuko du osteguneko Osoko Bilkuran: “Bertan, Udal Gobernuari eskatzen diogu ez ditzala baimendu Agiti kalan jarduera ekonomiko berriak”. Horrekin batera, udalari eskatzen diote “aktiboki jardun dezala” ingurumen hori lehengoratzeko.


