Donostiako azken sexu erasoa gaitzetsi du udalak
Artxiboko irudia: udaleko ordezkariak hirian izandako sexu eraso bat salatzen.Donostiako Udala Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen joan den astean Donostian, Gladys Enea parkean beste gizon bati sexu erasoa egin izana leporatuta. Erasoa hilaren 19an izan zen eta ustezko erasotzailea asteartean atxilotu zuten, baita aste horretan bertan espetxera bidali ere, behin-behinean.
Horren harira, Donostiako Udalak gaitzetsi egin du erasoa, eta udaleko bost udal taldeek erakunde adierazpena onartu dute, besteak beste, erasoa salatzeko elkarretaratzera deituz biharko (hilak 28), Alderdi Ederren, 12:30ean. Horrez gain, udalak bat egin du eraso horren harira hirian egin daitezkeen gaitzespen ekitaldiekin.
Era berean, adierazpenaren bidez, “elkartasuna” adierazi diete erasoa jasan zuen pertsonari eta haren gertukoei, baita “behar dituen informazioa eta udal baliabideak” eskaini ere, “osatze eta erreparazio prozesuan laguntzeko”. “Udalak, bere eskumenen barruan, neurriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, eta, aldi berean, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta erasotzaileen zigorgabetasuna onartu ez dadin”.


