Donostiako energia eta eguzki komunitateei diru laguntzak emateko deialdiaren oinarriak argitaratu dituzte
Donostiako Udalak 2025eko diru laguntzen deialdiaren oinarriak argitaratu ditu, energia berriztagarrien komunitateak sortu eta komunitate horiek eta bizitegi eraikinen jabeen erkidegoek instalazio fotovoltaikoetan inbertitu dezaten sustatzeko. Helburua da bizitegi sektorean energia autokontsumoa bultzatzea, herritarren energia subiranotasuna sustatzea eta udalerrian berotegi efektuko gasen isuriak murriztea. Berritasun gisa, aurten, auzo erkidegoek aukera izango dute instalazio fotovoltaikoetarako laguntzak jasotzeko.
Diru laguntza hauek egoitza soziala eta fiskala Donostian duten elkarte, energia komunitate eta jabeen erkidegoek eskatu ahal izango dituzte. Deialdiak 60.000 euroko zuzkidura du guztira. Laguntzek, gehienez, diruz lagundu daitezkeen gastuen % 75 estaliko dute (BEZa barne, kengarria ez bada), eta gehienez ere 10.000 euro emango dira energia komunitateak eratzeko eskaera bakoitzeko, eta 20.000 euro instalazio fotovoltaikoetarako.
Ordainketa bi fasetan egingo da: %70 eskabidea onartzean eta gainerako %30 baldintzak dokumentu bidez justifikatu ondoren (2026ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da). Eskabideak sei hilabetez aurkeztu ahal izango dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo erabilgarri dauden funtsak agortu arte. Dokumentazio guztia bide elektronikoz aurkeztu beharko da, udalaren webgunearen bidez.
“Deialdi honen bidez, erraztasunak ematen jarraitu nahi dugu auzo erkidegoek eta elkarteek ekoizpen berriztagarriranzko pausoa eman dezaten. Autokontsumoaren, herri partaidetzaren eta isuriak gutxitzearen aldeko apustu garbia da. Donostia aurrera doa eredu energetiko jasangarriago baterantz, eta bide hori herritarren inplikazio zuzena kontuan hartuta egiten ari da”, azaldu du Iñigo Garcia Ingurumeneko zinegotziak.


