Heriotza izango dute hizpide Egiako Teila Fabrikan
Egiako Teila Fabrika.Teila Fabrika Urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran, ohi baino gehiago hitz egin ohi da heriotzaren gaiaz, Santu Guztien Egunaren (azaroak 1) eta Gau Beltzaren (urriak 31) harira. Horren bueltan, hain zuzen ere, heriotza izango dute hizpide ostegun honetan (hilak 30) Egiako Teila Fabrikan, hitzaldi baten bidez. Gainera, gaiari jarraipena emateko, zerikusia duen ikastaro bat ere antolatu dute azarorako.
Osteguneko hitzaldiaren izenburua Hiltzeko eskubidea, libre heriotzeraino da, eta Iñaki Olaizola Eizagirre antropologoa eta EHUko Txindoki ikerketa taldea izango dira hizlariak, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearen eskutik. Elkarteak nork bere gorputzaz eta bizitzaz askatasunez gozatzeko eskubidea sustatzen du, eta, oro har, bizitza amaitzeko unea eta bitartekoak askatasunez eta legez aukeratzeko eskubideak aldarrikatzen dituzte. 18:00etan izango da hitzaldia.
Bestalde, azaroaren 12an, elkarte beraren eskutik, bizi testamentua nola egin behar den ikasteko ikastaroa antolatu dute Teila Fabrikan bertan, ildo beretik. Azaroaren 12an izango da lehenengo saioa, 18:00etan, eta 26an bigarrena.


