PACMAk salatu du Donostiako Udalak legea urratu duela Infernuko katu kolonia lekualdatuta
Infernuaren eremuan bizi diren katuen egoerak kezkatzen du PACMA Alderdi Animalistako (PACMA) Gipuzkoako koordinatzaile Asier Esparzak kritikatu du Donostiako Udalak ez dela legearen arabera ari Infernuko katu koloniari dagokionean. Azaldu duenez, irailaren 29an, kolonien kudeatzaileekin eta udalarekin bilera egin zuten, eta bertan, udalak adierazi zien animaliak lekualdatzeko asmoa. Horren aurrean, PACMAk ohartarazpen eta dokumentazio eskaera bana aurkeztu zituen. Ohartarazpenean arduradunei gogorarazi zien katu komunitarioak babeslekuetan konfinatzea debekatzen duela Animalien Ongizate Legeak; eta “kasu berezietan” soilik ahalbidetzen du lekualdaketa, betiere, albaitari batek gainbegiratutako nahitaezko txosten batekin eta ongizate bermearekin. Salatu duenez, ez du oraingoz dokumentaziorik jaso.
Egoera urraketa “larri edo oso larritzat” jo daitekeela ere zehaztu du Esparzak, 200.000 euro arteko isuna ekar dezake eta animaliekiko tratu txar delitua ere, konfinamenduaren edo lekualdatze ezegokiaren ondorioz katuek lesiorik edo heriotzarik jasango balute. Halaber, katu koloniak dauden obretarako nahitaezko protokoloak ere ez direla bete ohartarazi du PACMAk, besteak beste, lizentziak eman aurretik aldez aurreko egiaztapen-sistema bat aktibatzeko betebeharra, obrak katuekin bateragarriak diren baloratzea edota edozein jarduketa zaintzaileei jakinaraztea.
Bere eskaeran, katu koloniek kudeaketari buruzko udal dokumentazio guztia eskatu dut, hala nola katuen mapak eta errolda, obra eremuetan jarduteko protokoloak, albaitaritza txostenak eta zaintzaileei aldez aurretik egindako jakinarazpenak. Horrez gain, udalak legezko betebeharrak berehala bere gain hartzea exijitu dute, baita animalientzat egokienak diren aukerak baloratzea eta haien osotasuna arriskuan jartzen duen edozein jarduketa geldiaraztea ere.


