Tabakaleran inauguratuko da Euskadiko Egurraren Astea
Hamaikagarrenez egingo dute Euskadiko Egurraren Astea. “Baso eta egur-sektorearen errealitatea” gizarte osoari ezagutaraztea eta bertan lan egiten duten pertsonentzako eztabaida eta prestakuntza-foro izateko asmoa du. Urriaren 27tik azaroaren 2ra hitzaldi teknikoak eta bestelako ekitaldiak egingo dira, eta enpresetara zein baso-lursailetara egindako bisita birtualak eskainiko dira.
Egitarauaren barruan dago “Egurraren Herria. Bosque Country” kanpaina ere, joan den urriaren 1etik, EAEko hemezortzi udalerri zeharkatzen ari den unitate mugikor ibiltaria, herritarrei baso-kudeaketa iraunkorraren garrantzia —PEFC zigilupean— hurbiltzeko eta tokiko egurraren eraldaketa balioan jartzeko, baliabide fosilekiko mendekotasuna murrizten duten produktuak aurkeztuz.
Tabakalerak Egurraren Astearen XI. edizioko inaugurazio-ekitaldia hartuko du. Bigarren solairuko hallean, PEFC ziurtagiridun egurrez egindako hiri altzarien proposamena aurkeztuko da; Baskegurrek, Tabakalerak eta EHUko Arkitektura Eskolak bultzatutako lehiaketako lan irabazlea.
“Replantearse para readaptarse” izeneko proiektua, Maider de la Fuente eta Lucia Pardos Arias egileen sinadurarekin, kultura garaikideko zentroaren erabiltzaileek goza dezaketen instalazio iraunkor bihurtu da. Ekimenak diseinua, iraunkortasuna eta tokiko egurraren erabilera uztartzen ditu, eta Euskadin egur-eraikuntzaren inguruan sortzen ari den talentu berria modu eredugarrianerakusten du.
Lehen jardunaldi honetan Egurtek Sarien erakusketa ere inauguratuko da; astebetez, 2022ko eta 2024ko proiektu irabazleak bilduko dituena, Eraikuntza, Barne-diseinua, Produktu-diseinua, Tokiko egurra eta BEM (Bois/Egurra/Madera) kategorietan.
Proposamen hau UPV/EHU/Donostia Sustainability Forum Uda Ikastaroen esparruan ere protagonista izango da, PRISMA proiektuaren barruan. Egileek ostegunean, urriaren 30ean, Egurtek Sariak irabazi dituzten Behark Arkitektura estudioko Beñat Saratxaga eta Gentzane Goikuria arkitektoen klase magistralarekin hasiko den saioan parte hartuko dute. “Diseinua eta egur-eraikuntza. Proiektu berritzaileak” izenburupean, masterclassak egurraren erabileraren joera berriak jorratuko ditu arkitekturan.
Jarduera doakoa izango da, eta 10:00etan hasiko da Tabakaleran. Interesdunek izena eman dezakete www.uik.eus webgunearen bidez.


