'Taxi' antzezlanak irabazi du Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria
Idoia Garzes eta Mikel Martinez.Donostia Kultura Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Idoia Garzesek idatzitako Taxi antzezlanari, Mikel Martinezek antzeztuko duena; bigarren saria, aldiz, Euskal musikarekin, kontuz antzezlanak eraman du, Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe donostiarrek idatzia eta antzeztua.
Garzesek bakarrizketagileak miresten ditu, eta Martinezek bakarrizketa bat eskatu zionean, taxilariaren figura etorri zitzaion burura. Horregatik, Taxi obraren protagonista taxilari bat da: “Berritsua eta jenio bizikoa, aldarte batetik bestera istant batean alda daitekeena, zerotik ehunera azeleragailua sakatuta bere autoa bezala. Bere ofizioaren desbenturak eta kalenturak kontatuko ditu, bere egunerokoa azken finean: hiriko trafikoa, turismoa, bezero-faunarekin izandako pasadizoak… Ofizioaren ajeak aletuko ditu, lanbidea asko aldatu dela, egun taxiak gastuak baino ez dituela ematen…Baina lanbideaz kexu bada ere, maite du ofizioa, baduelako taxiaren aulkiari eta bolanteari estuki lotzen duen motiborik: maitabera da oso”.
Andonegiren eta Aierberen Euskal musikarekin, kontuz antzezlana, berriz, “bikarrizketa” bat da; bi pertsonen bakarrizketa. Euskal musikari buruzko hausnarketa proposatzen dute. Izan ere, ez da erraza txikitatik entzundako doinu, kantu, melodia, tiritiri, kalian gora, kalian behera, hau dek umoria zalantzan jartzea: “Automata moduan errepikatzen dira belaunaldiz belaunaldi, euskal kultur ondare zabala transmititzeko grinaz. Kantu zahar eta berriak geureganatzen dira eta eguneroko bizitzaren parte bilakatzen dira. Baina,eta hori da gakoa, entzuten al dira benetan automatikoki ikasten diren letra horiek? Entzun, beharbada bai, belarrietan arazorik ez badago behintzat. Baina, eta aditzeko ariketa horri ikuspegi feminista gehituta?”.
Antzezlana garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du, eta finalistak 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.


