Aurreakordioa adostu dute Avanzako langileek eta zuzendaritzak
Lurraldebuseko bi autobus, Avanza enpresaren kudeaketapean, artxiboko irudi batean.ELA Avanza enpresako langile batzordeak (UGT, ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek dute ordezkaritza) eta zuzendaritzak aurreakordio bat adostu dute, Lurraldebus garraio publikoko zerbitzuan eragina izan duen lan gatazkari amaiera emateko. Langileek 24 greba egun egin eta greba mugagabera jotzeko asmoa zutela iragarri ostean lortu dute aurreakordioa, eta Eusko Jaurlaritzak egin ditu bitartekaritza lanak langileen eta zuzendaritzaren artean.
Horrela, ELA sindikatuak azaldu duenez, “Avanza izango da urteko lanaldia 1.592 ordura murriztuko duen Lurraldebusen lehen azpikontrata, eta horrek esan nahi du beste taldeetako langileek baino 170 ordu gutxiago egingo dituztela lan”.
Gaineratu dutenez, “garraio zerbitzuan, soldatetan eta lan baldintzetan hobekuntza garrantzitsuak” suposatuko ditu aurreakordioak: “Soldatei dagokienez, %12,1eko atzerapenak ordainduko dira, eta bermatuko da KPI gehi gutxienez %1eko igoera. Gainera, gidari guztiek lan baldintza berberak izango dituzte, eta lehen aldiz, lan poltsa bat sortuko da behin-behineko pertsonentzat. Nabarmentzekoa da, halaber, txanda kontratua iraunkorra izango dela”.
Gogoratu behar da Avanza enpresak kudeatzen duela Gipuzkoa Bilborekin, Gasteizekin eta Loiuko aireportuarekin (Bizkaia) lotzen duen autobus publikoen sistema, baita Debagoieneko garraio zerbitzua ere.


