Autobus ibiltari batek Mikel Zabalzaren auzia ezagutaraziko du, 40. urteurrenean
Mikel Zabalzaren auzia ezagutarazteko Autobus Biraren nondik norakoak eman dituzte antolatzaileek. Maitane Aldanondo Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoak sustatuta, auziari buruzko erakusketa bat duen autobus ibiltari batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du. Jarduera irailaren 23an aurkeztu zuten Iruñean, baina haren nondik norakoak eguerdian eman dituzte Bulebarreko kiosko aurrean Egiari Zor-eko kide Ainara Fresnedak eta Altzako Herri Ekimeneko Joxe Ramon Zapiainek, beste zenbait kidek babestuta. Izan ere, Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, Dbuseko langileek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioaren elkarlanetik sortu da proiektua eta azaroaren 26tik abenduaren 14ra bitartean gauzatuko dute, 1985ean Guardia Zibilak Mikel Zabalza desagerrarazi zuenetik Bidasoa ibaian agertarazi zuen egunen arteko datetan.
Autobus Birak Donostia izango ditu abiapuntu eta helmuga, tartean, Aezkoa, Erroibar, Auritz, Agoitz, Iruñea, Bortziriak eta Altzan geldialdia egingo du. Lehen goizean, azaroak 26, Zabalzaren omenez Intxaurrondon jarritako plakaren aurrean ekitaldi bat egingo dute, hemeretzi eguneko dinamika hasteko. Arratsaldean, aldiz, ekitaldia egingo dute, hemeretzi eguneko dinamika hasteko. Arratsaldean, berriz, Autobus Birari ekingo diote. Hala, autobusa Bulebarrean egongo da bi egunez, azaroaren 28a arte. Ondoren, herriz herri ibiliko da, abenduaren 11n, Donostian bizi zenean Zabalzaren auzoa zen Altzan gelditu arte.
Hurrengo bi egunetan, aldiz, Kotxerasen egongo da, Dbuseko langileek ere ikusteko aukera izan dezaten. Izan ere, Zabalza Donostiako autobus konpainiako langilea zen atxiki, torturatu eta hil zutenean. Hain zuzen ere, eurek eramango dute autobusa Bulebarrera, abenduaren 14an. Bertan amaiera ekitaldi nagusia burutuko dute, 12:30ean. ‘Hemen ez dago gidaria, non dago?” zioen orain dela 40 urte Mikel Zabalzaren lankideek autobusetik zintzilik udaletxeraino eraman zuten pankartak. Protesta ikoniko hori gurera berriro ekartzeko asmoz, Euskal Herriko jendarteari deialdi berezi bat egin diote “ekitaldian parte hartu eta autobusari harrera jendetsua egiteko”.
Egitasmo kolektibo honek helburu bikoitza du. Batetik, Zabalza desagertua egon zen hogei egun horiek gogoratzea da, baita 40 urte hauetako borroka eta herri memoria balioestea ere. Horretarako, autobus ibiltariak horren transmisore izan nahi du, barruan izango duen erakusketaren bitartez. Kasuari buruzko hamar testigantzarekin osatua, bertaratzen denak bai panelekin bai ikus-entzunezko edukien bidez sakondu ahalko du 40 urte hauetako zenbait pasartetan. “Horrela, aurrera begira ere, gertatutakoaren ahanzturarik egon ez dadin eta berriro ez errepikatzeko bermeak ezar ditzagun lanean jarraituko dugu”, adierazi du Fresnedak.
Bestetik, “egia osoa eta erantzukizuna” aldarrikatzea. Zabalza Estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortua izan da Hego Euskal Heriko erakunde nagusietan. “Urrats garrantzitsu eta beharrezkoa” bada ere, oraindik ere kontakizun osoa azaleratzeko galdera asko erantzuteke daudela gogoratu dute: “Zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola…”. Zentzu horretan, egia, justizia eta erreparazioaren bidea “oztoporik gabe” igaro ahal izateko galdera horiei guztiei erantzuteko konpromisoak hartzea “premiazkoa” ere badela irizten dute; bai Zabalza kasuan, bai Euskal Herrian tortura pairatu duten milaka herritarren kasuan ere. “Behin betiko urratsak egiteko garaia da. Egia osoa jakiteko garaia da”.


