Gazako bi haur artatzen ari dira Donostiako ospitalean
Unai Hernandez Dorronsoro ospitalizazioko pediatrak, Cristina Calvo Monge Haurren Ospitaleko arduradunak eta Estibaliz Arguelles Haurren Ospitaleko koordinatzaileak prentsaurrekoa eman dute Donostia Ospitaleko kanpoaldean.Irekia Astelehenean Palestinatik iritsitako bi haur gazatar, 3 eta 9 urteko anai-arrebak, artatzen ari dira egunotan Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria atalean, dituzten zaurien ondorioz. Hala azaldu dute Unai Hernandez Dorronsoro ospitalizazioko pediatrak, Cristina Calvo Monge Haurren Ospitaleko arduradunak eta Estibaliz Arguelles Haurren Ospitaleko koordinatzaileak, asteartean ospitalean bertan eskaini duten prentsaurrekoan.
Donostian arreta medikua jasotzen ari diren bi haurrekin batera, beste hiru heldu ziren astelehenean Euskal Autonomia Erkidegora —bostak bost hilabete eta 9 urte artekoak— senideekin batera, baina horiek Bizkaian artatzen ari dira eta soilik bat dago ospitaleratuta. Donostia Ospitaleko arduradunek azaldu dutenez, besteak beste, “traumatismoak, sortzetiko kardiopatiak, arazo gastrointestinalak eta gaixotasun hematologikoak” dituzte haurrek, eta, datozen egunetan, proba gehiago egingo dizkiete, “tratamendua zehazteko”.
Profesionalek azaldu dute Donostian artatzen ari diren haurrek “bonbardaketa baten jasandako bigarren mailako lesio traumatikoak” dituztela: “Larrialdiko ebakuntza egin diete Gazan, eta lesioen eta horien ondorioen tratamenduarekin jarraitzeko bertaratzen dira. Hasiera batean, atzo pediatriako larrialdietan sartzeko proba osagarriak egin dira dituzten lesioak ondo aztertzeko, eta behar duten tratamenduarekin jarraitu da. Diziplina anitzeko balorazioa jaso dute, eta jarraipena eta tratamendua egiten jarraituko da pediatriako espezialitate ugaritan, haurren ortopediako eta errehabilitazioko taldean eta haur eta gazteen psikiatriako taldean”. Gaineratu dute, halaber, “egoera kliniko egonkorrean” daudela.
27 dagoeneko
Astelehenean heldu ziren bost haur horiekin, 27 dira dagoeneko Osakidetzan artatutako gazatarrak. Erakunde publikoak ohar baten bidez gogorarazi duenez, laugarren ebakuazioa da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak parte hartzen dute, OMErekin eta Espainiako Osasun Ministerioarekin batera. “2024ko uztailaren 25ean, gerraren ondorioz patologia larriak zituzten bederatzi adingabe eta ama bat artatu zituzten Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan; 2025eko apirilaren 4an, gaixotasun onkologikoak zituzten beste bost adingabe iritsi ziren, eta bik ospitaleetan tratamendua jaso zuten; eta uztailaren 31n, Osakidetzak beste zazpi adingabe artatu zituen. Euskadiren solidaritatearen erakusgarri bat da, bai harrerarako bai osasun laguntzarako, baita erakunde guztien lankidetzarena ere, pertsona horiei arreta ematea posible izan dadin”, gehitu du Osakidetzak.


