Gladys Eneako erasoa salatzeko, elkarretaratze isila egin dute
Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak, Alderdi Ederren.Donostiako Udala Donostiako Udalak elkarretaratze isila egin du Alderdi Ederren, Gladys Enea parkeko erasoa gaitzesteko. Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek ere parte hartu dute. Hilaren 19an, gizon batek beste bati eraso egin zion, eta, bi egun geroago, Ertzaintzak erasotzailea atxilotu eta epaileak espetxera bidali zuen.
Protesta pankartarik gabe egin dute, udaleko iturriek aurreratu zuten moduan: “Kasua ez dator bat gizon batek emakume baten aurka egindako sexu erasoetarako ezarritako protokoloarekin”.
Udaleko bost udal taldeek erakunde adierazpena onartu zuten atzo. “Elkartasuna” adierazi diete erasoa jasan zuen pertsonari eta haren gertukoei, baita “behar dituen informazioa eta udal baliabideak” eskaini ere, “osatze eta erreparazio prozesuan laguntzeko”. “Udalak, bere eskumenen barruan, neurriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, eta, aldi berean, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta erasotzaileen zigorgabetasuna onartu ez dadin”.
Horrekin batera, udalak bat egin du eraso horren harira hirian egin daitezkeen gaitzespen ekitaldiekin.


