Hizkuntza eskakizunen derrigortasun baldintza murriztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Euskararen normalizazioan "atzerapausoak" egitea egotzi diote Gipuzkoako Aldundiari.EH Bildu Deitutako deialdietan plazen %34ari murriztu dio aldundiak hizkuntza eskakizunen derrigortasun baldintza; hau da, %34ak ez duela euskara baieztatu behar izango. LAB sindikatuak, hala, hori salatu du: adierazi du erabakia “oso larria” eta “euskarafoboa” dela.
LABen iritziz, orain arte aldundiak landu duen euskararen normalizazioan “atzerapauso bat” da erabaki hori hartu izana, eta sindikatuak gaitzetsi egin du erabakia: “Herritarren hizkuntza eskubideen eta lana euskaraz egin nahi duten aldundiko langileen aurka doa”. Horrekin batera, adierazi du aldundiak “arnasa ematen diola” epaileek sortutako “olatu euskarafoboari”.
Horrekin guztiarekin batera, LABek azpimarratu du gaztelania ezin daitekeela izan Euskal Herriko enplegu publikorako derrigorrezko hizkuntza bakarra: “Lanpostu publiko berriak betetzeko, ezinbestekoa da Euskal Herriko bi hizkuntza ofizialak jakitea”. Hala, Gipuzkoako Diputatu Nagusia den Eider Mendozari eskatu diote gaurko kontseiluko bileran ez dezatela lanpostu zerrendaren aldaketarik onartu, eta hizkuntza eskakizunei berme juridikoa eman diezaieten.


