PPk salatu du EAJk ez duela «gutxienekoen akordiorik» egin nahi izan berarekin
Borja Corominas Donostiako PPren bozeramailea, asteartean eman duen prentsaurrekoan.PP Jon Insausti jeltzaleak asteazkenean hartuko du Donostiako aginte makila, eta, horren harira, PPko bozeramaile Borja Corominasek prentsaurrekoa eskaini du gaur (hilak 28). Azaldu duenez, hilaren 23an, gutun bat bidali zioten popularrek Insaustiri, “Donostia hobea eraikitzeko hamar neurri” biltzen zituena, “etxebizitza, mugikortasuna eta segurtasunaren moduko gaiak jorratuz, horiek baitira donostiarren kezka nagusiak”, Corominasen hitzetan.
Ordea, PPkoak deitoratu du EAJren erantzuna ez dela “espero zena izan, eta ez dute interesik agertu Alderdi Popularrarekin esertzeko gutxienekoen akordio batera iristeko aukera aztertzeko”. Gogoratu behar da EAJk ez duela PPren babesik behar Donostiako Udal Gobernua mantentzeko, nahikoa baitu azken urteotan eduki duen PSE-EEren babesarekin, eta ez da ezustekorik aurreikusten zentzu horretan asteazkenerako.
“Gure hiriaren etorkizunari buruzko elkarrizketa zintzoa egitea besterik ez dugu eskatu. Ez genuen ezer eskatzen, ez genuen ezer exijitzen, ezta ezer promesten ere”, gaineratu du bozeramaile popularrak. Ildo horretatik, “oposizio kritiko, baina eraikitzaile bat” egiten “jarraituko” dutela nabarmendu du Corominasek.


