72 kilos marrazkigilearen «trazu intimoen» erakusketa, Aieten
72 kilos marrazkigilearen ilustrazio bat.Donostia Kultura Aieteko kultur etxeak 72 kilos marrazkigilearen Emozioetatik marrazketara erakusketa hartuko du, Literaktum jaialdiaren harira. Berrogei ilustraziok osatzen dute erakusketa, eta bihartik aurrera (hilak 30) eta abenduaren 14ra arte egongo da ikusgai, asteartetik igandera.
Oscar Alonso bilbotar idazle eta ilustratzaileak marrazten dio trazua 72 kilos proiektuari; bere marrazkietan egunerokotasuneko gertakariak islatzen ditu Alonsok, hausnarketa txikiez lagunduta. Intimitate puntu batekin egiten du lan, eta hala lortzen du, emozioen bitartez, publikoarekin konektatzea.
Literaktumek komunikatzeko eta adierazteko modu berrietan egiten du hausnarketa, eta horregatik eskaini diote espazioa Alonsori; hitza eta marrazkia lotzen dituen proiektua izanik, horrelako gehiagoren erreferente izan daitekeelakoan daude.


