Ana Lopez jeltzalea izango da Kultura zinegotzia
Jon Insausti alkate izendatu berriaren arduretako bat hartuko du 56 urteko donostiarrak.
Ana Lopez Loiarte EAJko zinegotzia.EAJ Donostiak alkate berria dauka, Jon Insausti Maisterrena, gaur arte Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi izan dena, jeltzaleen bozeramaile izatearekin batera. Ordea, ardura horiek utzi ditu alkate izateko, eta, beraz, beste pertsona batzuek hartu beharko dituzte.
Kulturari dagokionez, Ana Lopez Loiarte zinegotzi jeltzaleak hartuko du ardura hori. 56 urteko donostiarra Gobernantza Ireki, Digital eta Kolaboratiboko zinegotzi gisa aritu da legegintzaldi honetan. Izendapena datozen egunetan iragarriko dutela aurreikusten da.
Lopez Informazio Zientzietan Lizentziatua da, eta bost hizkuntza dakizki: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta alemana. Hain zuzen ere, Lanbide Heziketako euskara eta ingeleseko irakaslea izan zen.
1991n, Eusko Jaurlaritzako funtzionario plaza lortu zuen, eta, ordutik, hainbat sailetan aritu da: Herrizaingo Saileko Prentsa Bulegoan —2004ra arte—, DAEM Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Prestakuntza eta Hedapen teknikari gisa —2004tik 2016ra—, Segurtasun Sailaren Berdintasunerako Saileko Taldeko kide moduan —2010 eta 2016 urteen artean—, Enpleguko eta Prestakuntzako teknikari gisa —2016tik 2018ra–, eta Lanbideren tokiko enplegu bulegoko arduradun moduan —2018tik 2023ra—. 2023tik da udaleko zinegotzia.


