EH Bilduk 139 zuzenketa aurkeztu dizkio udal gobernuaren aurrekontu proposamenari
Jabi Vitoria, Juan Karlos Izagirre eta Garbiñe Alkiza, udaletxeko prentsa aretoan.EH Bildu EAJ-PSE udal gobernuaren aurrekontu proposamenari zuzenketak aurkezteko epea atzo amaitu zen. EH Bilduk osoko zuzenketa aurkezteaz gain, ia 20 milioi euroko 139 zuzenketa erregistratu ditu “Donostiari merezi duen norabide aldaketa emateko”. Hedabideetara bidalitako idatzi batean jaso ditu proposatutako neurriak: osoko zuzenketa bat, aurrekontua betearazteko arauari bi zuzenketa, eduki ekonomikorik gabeko bederatzi zuzenketa eta 128 zuzenketa partzial.
Aurkeztutako zuzenketen bidez, bai hiri ereduan bai politika egiteko moduan aldaketa eragin nahi dute. Eduki ekonomikoa duten zuzenketen bidez, “beharrezkoak ez diren edo lehentasunik ez duten gastu eta inbertsioak” murriztu dituzte —11,5 milioi euro 2026an eta 8,4 milioi eurokoa datozen bi urteetan —, kopuru hori herritarrei “benetan” eragiten dieten arazoetara bideratu ahal izateko. Hala, helburua zenbait arlotan partida berriak sortzea edo hobetzea da: etxebizitzan (6,6 milioi), mugikortasunean (4,2 milioi), auzoetan egiteko interbentzioetan (4,5 milioi), gizarte politiketan (1,9 milioi) edota berdintasunean (1,3 milioi).
Eduki ekonomikorik gabeko zuzenketei dagokienean, aldiz, honako gai hauei daude lotuta: GI-20 saihesbidea eraldatzea, hirigintzako eragiketetan salmenta prezioen kontrola, klausula sozialak betetzea, babestutako etxebizitza publikoa sustatzea, lurzorua kalifikatzeko teknika erabiltzea, ordenantza fiskaletan progresibotasuna bermatzea udal brigadak berrantolatzea, etxebizitza tasatuetan errenten araberako alokairuan sakontzea, segurtasuna eta Udaltzaingoa.
EH Bilduren ustez, udal gobernuaren proposamenak ez die “ez hiriko ez donostiarren egungo beharrei erantzuten”, eta Donostiari “norabide berri bat” emateko aukera galdu du. “Lidergo ezaz gain, aurrekontua gauzatzeko gaitasun falta erakusten dute. Publizitate aurrekontutik gehiago dutela dirudi eta aurkeztu dituzten datu ekonomikoen beharrezko eguneratzea falta dute”. Gainera, aurrekontu parte-hartzaileen “kudeaketa etsigarria” nabarmendu du alderdi abertzaleak; izan ere, “urtez urte, herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatu ondoren, udal gobernuak berak aurrekontuan jarritako partidak ia ez dira exekutatzen. Horrek, jakina, frustrazioa eta haserrea sortzen ditu parte hartzen duten eragile, elkarte eta herritarren artean”.


