Hilerriak prest daude Domu Santu egunerako
Lorez beterik daude hilerriak egun hauetan. Beñat Parra Domu Santu egunean, azaroak 1, Polloe, Altza eta Igeldoko udal hilerriek milaka lagun hartuko dituzte. Balizko arazoei aurre hartzeko, Udaltzaingoak zaintza eta kontrol lanak egingo ditu haien inguruan. Edonola, jende pilaketak saihestu nahi dituztenei aurreko edo ondoko egunetan joateko gomendioa zabaldu du, baita hilobia garbituko duten bisitariei kontu handiz egiteko ere, bereziki adinekoek, eroriko baten arriskua bere gain ez ditzaten. Arduradunek gogorarazi dute Polloek garbiketa zerbitzua duela, eta ohikoaz gain, sakon garbitu dituzte sarrerako plaza eta kale nagusietako espaloiak.
Ordutegiari dagokionean, Polloeko hilerria 08:00etatik 19:00etara zabalik dago, azarotik martxora bitartean. Egunotan nitxoen eremua irekita egongo da, gaur, hilak 29, 08:00etatik 13:30era; bihartik igandera, aldiz, hilaren 30etik azaroaren 2ra, 08:00etatik 18:00etara.
Hilerrietara garraio publikoan bertaratzeko deia ere egin dute, trafikoak eragindako arazorik ez izateko. Polloera, Dbusen 9, 24, 27, 41 eta 42 lineak doaz; Altzara, berriz, 13, 24, 27, 31 eta 38 lineak; eta Igeldora, 16 linea. Ordutegi eta maiztasunak Dbusen web orrian kontsulta daitezke. Gainera, landareak eta loreak erostea ahalbidetzeko, Santu Guztien Egunera arte, baimenduta dago salmenta-postu batzuk jartzeko hilerriaren inguruan.
Bestalde, hainbat jarduera antolatu dituzte. Ostiraletik igandera, Hil aurretik nahi dut horma jarriko dute Antiguako tuneleko oinezkoen pasabidean. Bertaratzen direnek beren sentimenduak adierazteko aukera izango dute, klariona erabilita. Larunbatean, berriz, VI.Heriotzari bizia ematen: Heriotza garrantzitsua delako jaialdian, Polloek bere ekarpena egingo du musika-emanaldi labur batzuekin, 12:00etatik 14:00etara bitartean, hilerriko hainbat tokitan. Halaber, meza bat egingo dute Polloeko kaperan, 13:00etan. Altzan, aldiz, Hildakoen Egunean, azaroak 2, meza ospatuko dute Altzako hilerrian, beilatokiaren ondoan, 12:00etan.
Era berean, larunbatean bertan, Polloeko Sekretuak-Arimen Eguneko irteera berezia gaueko ibilaldia egingo dute, 19:45ean. Kultu ibilaldi tematiko honetan, egun berezi hauetako tradizioak jorratuko dituzte, hilerria itxi ondoren. Informazio gehiago eta erreserbak ohmywalk.com webgunean.
Azkenik, asteartean, azaroak 4, Death kafea aurrera eramango dute Tabakaleran, 17:30etik 19:0etara bitartean. Bi talde osatuko dituzte, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Izena ematea beharrezkoa da, osasuna@donostia.eus helbidean edo 943483878 telefonoan.


