Amazoniako komunitate indigenen aberastasuna
'Amazoniak. Antzinako etorkizuna' erakusketa.San Telmo museoa San Telmo museoak Amazoniak. Antzinako etorkizuna erakusketa inauguratu du. Lurraldearen, hirien eta Amazoniako komunitate indigenen aberastasun natural eta kultural izugarrian murgiltzen gaitu; munduko biodibertsitate handiena duen lurraldea izanik, planetaren etorkizunerako funtsezkoa den eskualde baten artea, pentsamendua eta eragin ekologiko izugarria ezagutzeko. 2026ko apirilaren 12ra egongo da ikusgai.
Erakusketa proiektu koral eta polifoniko bat da, Amazoniatik sortua eta eskualde horretako artista eta intelektual multzo batek osatua, naturarekin bizitzeko eta harremanetan jartzeko beste modu batzuk planteatzen dituztenak. Museoak antolatu du eta Centre de Cultura Contemporania de Barcelonak – CCCB – ekoitzi eta Claudi Carrerasek egin ditu komisario lanak.
Ibilbide sentsoriala da: ibaien eta basoen zabalera, soinuak, usainak, hiriak, erritualak, pertsonak eta komunitate amazonikoen bizitza istorioak zeharkatzen dituen ibilbidea. Aberastasun kultural eta natural izugarri honi zuzenean eragiten diote gaur egungo baso soiltzeak, suteek, lehorteak edota lehengaiak kontrolatzeko borrokek. Gatazka horiek eskualdeko zientzialari eta ikertzaile nagusien eskutik jorratzen ditu erakusketak.
Amazoniako bizitzaren ikuspegi folkloriko edo fatalista eman beharrean, erakusketak Amazoniako herriek naturarekin duten lotura eta arbasoen inguruko ezagutza sakona defendatzen ditu. Kultura eta ekosistema baliotsuez hitz egiteaz gain, erakusketa honek hausnarketara garamatza: gizarte gisa geure buruaz, gure ingurunearen hauskortasunaz eta planetan bizitzeko errespetuzko moduak berreskuratzeko premiaz pentsarazten digu.


