CIC biomaGUNEren Irudi Molekular eta Funtzionaleko Unitatea ezagutzeko bisitak antolatu dituzte
Donostiako CIC biomaGUNEa. Euskadiko Parke Teknologikoak aukera emango dio, berriro ere, zientzian interesa duen edonori, Donostia Campusean dagoen azpiegitura zientifiko aurreratuenetako bat ezagutzeko. Irudi aurre-klinikoaren arloan Europa mailan erreferentziazko laborategia den CIC biomaGUNEren Irudi Molekular eta Funtzionalaren Unitatea da, eta bi bisita gidatu egingo dituzte azaroaren 13an eta 14an, Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkarteak (APTE) bultzatutako Berrikuntza Guneak ekimenaren parte gisa.
Ate irekien jardunaldi horien helburua da gizarteak zuzenean ezagutzea gizartearen eta gizakien garapenean eragin erabakigarria duten abangoardiako lana. Horrekin, gainera, indartu eta ikusarazi egiten da Euskadiko Parke Teknologikoak dibulgazio zientifikoarekin duen konpromiso estrategikoa.
CIC biomaGUNEren Irudi Molekular eta Funtzionaleko Unitatearen kasuan, ate irekien jardunaldira doazen pertsonek esparru zientifikoan bakarrak diren zenbait espazio ezagutuko dituzte –modu erabat seguruan–: isotopo erradioaktiboak sortzen dituen ziklotroia; isotopoak molekulekin edo nanopartikulekin lotzen dituzten modulu automatizatuak; eta in vivo azterketa aurre-klinikoak egiten diren irudi molekularreko, X izpien tomografiako eta erresonantzia magnetikoko ekipoak.
Horrela, oso modu didaktikoan, gizakiengan saiakuntza klinikoetara iritsi aurretik konposatu berriak nola aztertzen diren eta osasunean eta bioteknologian aurrera egiteko kimika, biologia eta fisika nola uztartzen diren ikusiko dute.


