Hezkuntza euskaldunaren aldeko ikasle jardunaldiak egingo dituzte datorren astean
Ibaetako campuseko Hezkuntza fakultatea. IEP euskarari!-k eta Ikamak Ibaetako ikasle jardunaldiak antolatu dituzte datorren asterako, Gure Hezkuntza, euskalduna lelopean. Antolatzaileen esanetan, euskara bizitzen ari den egoera larriari buruz eta horri hezkuntzatik aurre egiteko moduez hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izango da. “Hizkuntza arriskuan dago eta ikasleoi dagokigu arduraz jokatzea. Guk argi diogu: gure hezkuntza euskalduna da, euskalduna izan behar du eta izango da”, zehaztu dute.
Lehen saioa asteartean, azaroak 4, aurrera eramango dute, HEFA 02. gelan, 13:15ean. Euskararen herria helburu, hezkuntzatik eman beharreko pausoak mahai inguruan parte hartuko dute Garazi Ubiriak, Intza Gurrutxagak eta Jaime Altunak. Asteazkenean, berriz, Euskararen Egunaren harira, Ikamak 2022 urtean sortutako dokumentalaren proiekzioa egingo dute. HEFA 02. gelan, 13:15ean. Azkenik, azaroaren 6an, triki-poteoa egingo dute Ikatz kalean, 20:00etan hasita, eta amaitzeko, Kolektiboa DJ-aren emanaldia egingo dute, Herria tabernan, 22:00etan.


