Xabier Zubiri plaza berrirekiko dute, metroko lanen ostean
Donostiako Metroaren lanak, Londres Hotelaren inguruan.EH Bildu Xabier Zubiri plazako espazio berrian —metroaren Erdialdea-Kontxa estazio berrira sartzeko ateetako bat hartuko duena— lehentasuna izango dute oinezkoek errepideko trafikoaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailak eta Euskal Trenbide Sareak adierazi dutenez.
Metroko obren “zero-gunea” gisa ere ezaguna den Xabier Zubiri plazak 1.000 metro koadroko azalera du, eta horietatik 150, landatutako eremu izango dira. Plazaren espazioa zabaldu nahi izan dute, atseden eremurako.
Plazak hiru sarbide nagusi ditu: Askatasunaren Hiribidearen norabidean eginiko zebrabide bat, Zaragoza plazara doan beste bat, eta Easo eta San Martzial kaleetarako sarbidea, “zabala eta segurua” den igotzeko pasabide baten bitartez. Metrora sarbidea eta Easo kaleko igogailua babespean mantenduko dituzte, behin betiko itxura ematen zaien arte.
Mugikortasun Iraunkorreko kontseilari Susana Garcia Chuecak aitortu du plazak Easo eta San Bartolome kaleekin batera irekitzeak “benetako lasaitasuna ekarriko duela bertako bizilagunei, dendari eta ostalariei, obren fase guztiak lehen lerrotik jasan dituztenei”.
Pauso bat gehiago
Plazaren berrirekitzea uda honetan Eason eta geroago San Bartolomen egin zutenaren jarraipena da. Interbentziook San Martin kaleko bi tarteetan egin ziren: Urbieta eta Easo kaleen artean, eta Getaria eta Hondarribia kaleen artean.
Metroko obrek eragin eta okupazio handia ekarri duten arren, eragin horiek “pixkanaka arindu direla” dio Eusko Jaurlaritzak: Lugaritz-Mirakontxa tarteko 12.332 metro koadroko okupazioa jada askatuta dago eta Mirakontxa-Easo tarteko 3.720 metro koadro ere askatu dira, gehienak hiriaren erdigunean; oraindik okupatuta dagoen zatirik handiena, aldiz, Pio Baroja eta Morlanseko sarbideei dagokie.
Garcia Chuecak adierazi duenez, 2026an metroaren hiru estazio berrien zerbitzu ematea hasi eta gero, Gipuzkoako eta Donostiako mugikortasunean “inflexio puntu bat” izango da, eta askatutako lurrazalek espazio publiko eta etxebizitza berriak sortzeko aukera emango dute, Amarako trenbide inguruko puntutan bezala.


