«Balio donostiarrak dituen Donostiaren alde» egin du Jon Insausti alkateak Orixe ikastolan
 Jon Insausti alkatea, Orixe ikastolako topaketan.Donostiako Udala
                    Jon Insausti alkatea, Orixe ikastolako topaketan.Donostiako Udala                Jon Insausti jeltzaleak asteazkenean hartu zuen Donostiako alkate kargua, eta Parte Zaharreko Orixe Ikastola bisitatu zuen ostegun arratsaldean, “sinbolismo handiko lekua” delako berarentzat, Donostiako Udalaren hitzetan. Izan ere, eskola horretan ikasi zuen Insaustik txikitan, eta, hori dela eta, “balio donostiarrak dituen Donostiaren aldeko konpromisoa berretsi” zuen bertan: “Donostiarrak hezten, prestatzen laguntzen eta irakasten dutenekin inguratuta, bost konpromiso pertsonal partekatu nahi ditut. Izan ere, zuek prestatzen dituzue etorkizuneko donostiarrak, eta zuen eskuak, hitzak eta erabakiak izango dira aro berri honetarako adibidea eta itsasargia”, esan zuen.
Honakoak dira, Insaustiren hitzetan, “donostiarren aurrean” lehen unetik hartu dituen eta “aro berri hau” gidatuko duten bost konpromiso nagusiak: “Zintzotasuna, koherentzia, errespetua, gertutasuna eta ardura partekatua”.
Insaustik dio zintzotasuna “egia esanda gobernatzea” dela: “Hiri baten konfiantza gardentasunez eta zintzotasunez eraikitzen da. Konfiantzarik gabe, ez dago komunitaterik”. Koherentziaren harira, “esandakoa egin eta egindakoa esan. Jendeari begietara begiratu ahal izatea”, nabarmendu zuen, baita gaineratu ere hirugarren konpromisoarekin harremana duela horrek: “Errespetua. Erabaki baino lehen entzutea. Pertsona guztiak, auzo guztiak, kolektibo guztiak duintasunez tratatzea. Donostia plurala, anitza eta askea da. Ahots guztiek lekua duten hiria da”. Gertutasunaren harira, hori “gertutik gobernatzea” dela esan zuen, “hiriaren bihotza sentituz”: “Soilik hiria barrutik ezagutzen duen norbaitek benetan zaindu dezake”. Azkenik, ardura partekatura deitu ditu donostiarrak, “Donostia ez delako bulego batetik eraikitzen. Ondo gobernatzea elkarrekin egiten delako. Umiltasunez, elkarrizketaren bidez eta zentzuz”.
“Bost konpromiso hauek jarrera baten izaera dira, Donostia begiratzeko, egiteko eta sentitzeko modu bat. Eta balio hauek gure nortasunaren oinarria dira eta izaten jarraituko dira. Gure arima hiri gisa”, gaineratu zuen alkateak.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    