Ez dakigu non dagoen hoberena
 
                                    Filma: Los Domingos
Zuzendaria: Alauda Ruiz de Azua · Urtea: 2025 · Herrialdea: Euskal Herria – Espainia – Frantzia
Beti defendatuko dut Alauda Ruiz de Azua zinemagilearen bikaintasuna arrunta den hori salbuespenezkoa, distiratsua eta errepikaezina bihurtzeko duen gaitasunean dagoela. Ekite apaletik, aldiro —aldiro-aldiro— lortzen duen eztanda emozionala. Halakoxea da ere Los domingos (2025): xumea, trikimailurik gabea, baina guztiz sakona eta aberatsa.
Zinemagile barakaldarrak Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztu zuen klausura komentuko kontenplazio bizitzak erakarri egingo duen gazte aparteko eta idealista baten inguruko istorio hau. Eta, nola, gainera: Urrezko Maskorra, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta Espainiako kritikagintzaren Feroz saria eskuratu zituen Donostian, baita publikoaren txalorik beroenak ere.
Ainara da filmeko protagonista, bere ibilbide akademikoaren hurrengo urratsa izango dena erabakitzeko unean aurkitzen den 17 urteko neskatxa. Ordea, gazteak adieraziko du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela, eta klausurako moja bilakatzea pentsatzen ari dela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa, amildegi bat sortuko da eta proba erabakigarri bati aurre egin beharko diote.
Los Domingos, ordea, ez da protagonistaren fedearen inguruko filma. Familia baten egunerokoa kolokan jartzen duen maitasuna ulertzeko modu desberdinak dira hari eroaleak; habia behar lukeen horretan topa dezakegun hutsuneaz mintzo da, baita norbere lekua aurkitzeko prozesuak sor dezakeen ezinegon emozionalaz ere.
Eta aurkezten ditu alaba maitatzeko eta zaintzeko gai ez den aitaren, iloba babesteko edozertarako prest dagoen izeba ateoaren —zoragarri, bidenabar, hura hezurtzen duen Patricia Lopez Arnaiz—, honen senarraren, amonaren… pertsonaia bizi eta distiratsuak, barne beldurrek modelaturikoak denak. Ondorioa argia da, beraz: familia haustura baten istorioa da honakoa, abandonu batena.
Obra ezin ederragoa, gordina, benetan konplexua eta gardena ondu du Ruiz de Azuak, adimen handirekin, austeritatez eta xehetasun infinituekin idatzitakoa. Zoragarria tonu eta bidean, eta hunkigarria bezain txikitzailea azken emaitzan.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    