Hegaztientzako habia kutxen inguruko erakusketa jarri dute Ulian
 Habia kutxa bat.Cristina Enea Fundazioa
                    Habia kutxa bat.Cristina Enea Fundazioa                Hegaztiei babeslekuak eta ugalketarako lekuak eskaintzeko sortu eta mendian jar daitezkeen habia kutxa mota desberdinen inguruko erakusketa antolatu du Cristina Enea Fundazioak Ulia Interpretazio Zentroan, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean: Habia-kutxak: hegaztientzako babeslekuak. Erakusketak hamabi fitxa ditu, SEO/Birdlife erakundeko Juan Varelarekin ilustrazioak denak, eta bertan, habia kutxen hainbat tipologia eta mota bakoitza erabiltzen duten espezieak aurkezten dira. Martxoaren 15era arte bisitatu ahalko da erakusketa, baina soilik larunbat eta igandeetan (11:00-14:00).
Antolatzaileek azaldu dutenez, “udaberria izaten da hegaztientzat habia egiteko garaia baina, goiz badirudi ere, neguan hasi behar dugu habia kutxak jartzen beraien presentziara ohitu eta ugalketa garaian erabili ditzaten. Ulia mendian, adibidez, hegazti askok zailtasunak izaten dituzte habiak egiteko, gero eta gutxiago direlako zuhaitzetako eta eraikinetako zulo naturalak; horregatik, ezinbestekoa da babesleku horiek habia kutxa moduan eskaintzea”.
“Erakusketa honek dibulgazioa eta ingurumen pedagogia uztartzen ditu, gure lanaren funtsezko bi zutabe. Herritarrek gertutik ezagutzea nahi dugu hiriko eta naturako biodibertsitateari eusten laguntzen duten keinu txikien balioa, hala nola habia kutxa bat jartzea. Horrelako ekimenek aukera ematen dute pertsonak beren ingurunearekin konektatzeko, hegaztiek gure ekosistemetan jokatzen duten papera hobeto ulertzeko eta inguratzen gaituen naturarekiko harreman errespetutsuagoa eta kontzienteagoa sustatzeko”, gaineratu du Iñigo Garcia Villanueva Ingurumeneko zinegotziak.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    