«Hurrengo urtean ere hartuko dut parte jaietan, nahitaezkoa da orain niretzat!»
Hicham Badraouik (Kasba Tadla, Maroko, 1986) dio oso mainatsua dela, «‘manitas’» bat: mekanikoa da, metalarekin lan egin du, egurrarekin, iturgin gisa, elektrizitatea eta elektronika ikasten ari da... eta soroslea ere bada. Horregatik, argi dauka zer egin nahi duen Donostian: «Lan egitea gustatzen zait». Dena ez da lana izango, ordea, eta hiriko arlorik onenetako bat ezagutu du aurten: jaiak.
 Hicham Badraoui, Jai Alai kalean.Andrea Bosch Alfaro
                    Hicham Badraoui, Jai Alai kalean.Andrea Bosch Alfaro                Egia auzoko Jai Alai kalean elkartu gara Hicham Badraouirekin (Kasba Tadla, Maroko, 1986), Villa Salia eguneko zentroaren atarian, eta, lehen unetik, txantxetan hasi zaizkio, konfiantzan, bertako langile eta erabiltzaile batzuk: «Ondo atera argazkietan, e!», «Famatua zara dagoeneko!».
Izan ere, duela hilabete batzuk, hedabide batzuetan agertu zen Badraoui, Kontxa hondartzan itotzen ari zen pertsona bat artatu zuelako: «Sorosle gisa lan egin nuen Marokon urte luzez, eta egin behar zena egin nuen, besterik ez», dio, umiltasunez.
«’Manitas’» eta sorosle
Ofizioz, mekanikoa eta soroslea da Badraoui: «Nire herrian, auto eta, bereziki, moto mekaniko gisa egiten nuen lan urtean zehar, eta, udan, sorosle gisa». Baina ez hori soilik: «Muntatze eta desmuntatzen lanetan ere aritzen nintzen, metal enpresa batean. Arotz gisa ere aritu nintzen, iturgin gisa ere bai… Manitas bat naiz!».
Kasba Tadla hirian, hain zuzen ere, mainatsua izateagatik zen ezaguna: «Bizilagunek, etxean arazoren bat zutenean iturriekin, ateko sarrailarekin edo dena delakoarekin, deitu egiten zidaten beti. Eta nik kobratu gabe laguntzen nien, noski, bizilagun gisa».
Kasba Tadla hirian, mainatsua izateagatik zen ezaguna: «Bizilagunek, etxean arazoren bat zutenean, deitu egiten zidaten beti»
Hori guztia gutxi balitz, elektrizitate eta elektronika ikastaro bat egiten ari da orain, horren inguruan ere ikasi eta, etorkizunean, arlo horretan ere lan egin ahal izateko. Era berean, ikastaro horrek bere egoera erregularizatzeko ere balioko diola dio Badraouik, «errotze sozioformatiboko bizileku baimena lortzeko, izan ere, paperik gabe, zaila da lana aurkitzea hemen». «Isil samarra naiz, baina gauzak egitea gustatzen zait. Ideiak burutik eskuetara pasatzea gustatzen zait, gauzak egitea», gaineratu du, baita arlo horietako edozeinetan zein sorosle gisa lan egin nahi duela nabarmendu ere.
Dioenez, sorosle gisa, zuena baino are esperientzia handiago dauka orain, Kontxan aipaturiko mutila salbatu ostean: «Lehenengo aldiz, benetako pertsona batekin egin nituen bihotz-biriketako ariketak, eta, gerora, arduradun batek esan zidan azkenean bihotzak erantzun ziola, baina oraindik ez dakit zer moduz dagoen mutila». Kasuak ukituta utzi zuen Badraoui: «Oso kasu larria zen, inoiz esku artean eduki dudan larriena; gorputza urez beteta zuen». Horregatik, gaineratu du gustatuko litzaiokeela jakitea zein egoeratan dagoen mutila.
Elkartasuna
Duela bi urte eta erdi inguru heldu zen Espainiako Estatura, eta iazko ekainetik dago Donostian. Duela gutxi arte, kalean lo egiten aritu da, baina, berriki, lo egiteko leku estali bat lortu du. Horrela, bere egunerokoa deskribatu du: «Goizean, esnatu eta kalera ateratzen naiz, eta, gaur bezala, Villa Salian saioa dudanean, astero hiru egunetan, hona etortzen naiz. Hemen, gosaldu dezaket, arropa garbitu, dokumentuak gorde, Interneta erabili hitzorduren bat hartzeko edo dena delakorako eta abar. Arratsaldean, elektrizitate eta elektronika ikastarora noa, eta, ateratzean, Parte Zaharrera joaten naiz, afarietara».
Parte Zaharreko Kaleko Afari Solidarioak taldearekin duen harremana goraipatu du: «Bigarren familia dira niretzat»
Hain justu, Parte Zaharreko Kaleko Afari Solidarioak taldearekin duen harremana goraipatu du: «Oso harreman ona daukat boluntarioekin. Eskuzabalak dira, jendea laguntzen dute, janari bero eta on asko banatzen dute… bigarren familia dira niretzat».
Jaiak, errotzeko
Jaiak dira edozein hiri, herri eta auzotako urteko une gorenetako bat, herritarrek egutegian markatuta izan ohi duten data maitatua. Izan ere, ondo pasatzeko ez ezik, auzo bizitza sustatu eta auzotarrak saretzeko ere balio dute jaiek, baita auzoaren benetako aurpegia erakusteko ere. Hori argi izanda, bigarren urtez jarraian, Kuadrilla Mundiala egitasmoa antolatu zuen Guztiontzako Egia auzotar sareak irailean, Egiako Porrontxo jaietan, «auzora etorri berri den jendea auzoko jaietara gonbidatzeko, baina baita auzoko jaiak auzoko jende berriarengana hurbiltzera gonbidatzeko ere», antolatzaileen hitzetan.
Horrela, aurten, Badraoui izan da egitasmoan parte hartu duen pertsonetako bat: «Said lagunarekin hartu nuen parte, eta sagar bilketaren jolasean denborarik onena lortu genuen, irabazi genuen! Tokan ere aritu ginen, baina horretan ez nintzen hain fin ibili: zazpi saiakera egin nituen, baina soilik behin ukitu nuen metala», dio, barre artean.
«Saidekin hartu nuen parte Porrontxoetan, eta sagar bilketan denborarik onena lortu genuen!»
Hicham Badraoui
«Ondo, oso ondo», pasatu zutela nabarmendu du: «Giro ederra eduki genuen kuadrillan. Eta jokoa irabaztean, mundu guztia zoriontzen aritu zen». Horrela, argi dauka hemendik aurrera egutegian markatuta edukiko duela berak ere Porrontxo jaien asteburua: «Iaz, ez nituen ezagutzen Egiako jaiak eta horregatik ez nintzen etorri, baina hurrengo urtean ere hartuko dut parte, nahitaezkoa da orain niretzat!».
Porrontxoak ez dira, hala ere, Badraouik ezagutu dituen Donostiako jai bakarrak, Aste Nagusi Piratako abordatzean ere parte hartu baitu uda honetan, Hiritarron Harrera Sarearen taldearekin. Horretaz hitz egitean, Porrontxoetaz hitz egitean bezalaxe, irribarre bat atera zaio, izan ere, «oso ondo» pasatu zuen abordatzean ere: «Hurrengo urtean berriz hartuko dut parte, ziur, hori ere nahitaezkoa da orain niretzat!».

Hicham Badraoui eta Kuadrilla Mundialeko beste kide bat, aurtengo Porrontxoetako sagar biltzean.Kuadrilla Mundiala
Ildo horretatik, «Donostian jai asko daude, beti dago zerbait auzoren batean. Bizitasun handia dago hirian, beti egin ditzakezu gauza berriak eta errutina hautsi», gaineratu du. Hori da, «klimarekin, itsasoarekin eta hiriko paisaiekin batera», hiriaz gehien gustatzen zaiona, baita «oso hiri irekia» dela ere: «Jendea, oro har, oso irekia da Donostian eta inguruko herrietan, hori bizi izan dut nik».

Tayina, dastatu beharreko platera
Bere etorkizuna Donostian ikusten du Badraouik, baina ez da Marokoz ahaztu, noski. Bi arlo oso desberdinez hitz egin du: bere hiri Kasba Tadlako egoeraz eta janari marokoarraz.
Marokon daude bere ama, anaiak eta lehengusina bat, eta, noski, beraiek dira gehien faltan botatzen dituenak. Dioenez, anaiek euren lan eta familia propioak dituzte Marokon, Kasba Tadla hiritik kanpo. Ama eta lehengusina, aldiz, aipaturiko hirian daude.
Badraouik dioenez, ordea, Kasba Tadlako egoera ez da batere ona: «Nire hirian, ez dago berrikuntzarik, postal zahar baten moduan utzi dute hiria bertako alderdi politiko eta agintariek. Ez daukagu ganorazko agintaririk eta guk hiria aurrera egiten lagunduko duten agintariak nahi ditugu». Gainera, Marokoko osasun sistema «oso txarra» dela salatu du: «Dirurik ez badaukazu, han uzten zaituzte, izkina batean».
Kezkatuta eta haserre agertu da egoera hori deskribatzeko orduan, baina bere jaioterriko gauza on bat ere nabarmendu du, familiarekin batera, gehien botatzen duena faltan: janaria. «Janari ona daukagu Marokon, espezia askorekin. Antzinako kultura bat da gurea, janari goxoarekin. Soilik janari naturala kontsumitzen dugu, egunean egindakoa eta produktu naturalekin. Hemen ere aurkitu daitezke jaki marokoarrak prestatzeko osagaiak, gero eta gehiago eta leku gehiagotan», azaldu du.
Horrela, bere plater gustukoenaz galdetuta, ez du zalantzarik egin: «Tayina da gehien gustatzen zaidana. Badakizu zer den?». Kazetariaren ezjakintasunaren aurrean, Badraouiren azalpena: «Buztinezko plater batean zerbitzatzen da, buztinezko tapa batekin. Eta arrain, behi edo oilasko haragiarekin eta barazki ugarirekin egiten da: patata, azenarioa, tipula… eta espezia asko, noski. Su motelean kozinatzen da, denbora luzez, eta samur-samurra gelditzen da. Oso osasungarria da. Probatu behar duzu!».
 
								 
								
							 
					 
		        	







 
                    