Ihes gela «hezigarri» bat martxan, prebentzio digitalerako
 '90 gradutan' ihes gela.Donostiako Udala
                    '90 gradutan' ihes gela.Donostiako Udala                Udalak prebentzio digitaleko programa bat jarri du abian; 90 gradutan du izena, eta Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Lanbide Heziketara bitarteko ikasleentzat pentsatuta dago. Ohitura digital osasungarriak erakustea da programaren helburua.
Programak tresna nagusi bat izango du, ordea: ihes gela bat. Horren bidez, alfabetatze digitala, autorregulazio emozionala eta jokabide problematikoen prebentzioa landuko dituzte ikasleek, pantailaren erabilerari lotuta. Iñigo Garcia Inklusioko, Aniztasuneko eta Osasuneko zinegotziak azaldu duenez, datuek erakutsi zieten “alertatik ekintzara pasatu beharra zegoela”, eta horregatik sortu zutela 90 gradutan. “Arrisku digitalak kudeatzeko moduko hezkuntza eta bizipen tresna batzuk izateko programa bat da”.
Erabiltzeko modua
Mugikorraren, sare sozialen eta bideojokoen benetako erabilerari lotutako enigmak eta probak ebatzi beharko dituzte ikasleek, talde dinamika batean. Talde bakoitzak ordu eta erdiko saioetan hartuko du parte, eta saio horietan, gogoeta gidatuak egingo dituzte; helburua, oso argia da: pantaila-denbora, pribatutasuna, erabakiak hartzea eta arrisku-jokabideak hautematea kudeatzea.
2024an, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei egindako diagnostiko baten erantzuna da programa; horren emaitzak zioen, gero eta lehenago dutela gazteek mugikorretarako eta sare sozialetarako sarbidea, eta “normaltzat” jotzen dela, nahiz eta ongizate fisiko, emozional eta sozialari eragin.
1.156 ikaslek hartu zuten parte diagnostiko horretan, eta balorazioak “positiboak” izan dira. Udalak, hala, adierazle kualitatibo eta kuantitatiboen bidez ebaluatzea aurreikusten du: “Helburua da laguntzea eta gaitzea haur, gazte eta haien familiak; ez debekatzea, baizik eta tresnak eta irizpideak ematea”, azpimarratu du Garciak.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    