Oasi bat lokatzetan
 
                                    Botak jantzita idazten ari naiz hau, dagoeneko zuhaitzek ez dituztelako kolore biziak eta hosto bustiak telazko zapatiletan itsasten zaizkidalako.
Ikusten ditudalako hostoak beste modu batera biziberritzen, erori eta geroko bizitza horretan —honekin esan nahi dudana da erori eta gero berriz altxatzen garela, eta rollo hori guztia—, baina, egia da. Udazken ilunek ere badute beren distira eta kolorea.
Horregatik daudela oasiak basamortuetan. Horregatik dituztela zulotxoak pertsianek. Horregatik existitzen direla bufandak eta kafe termoak. Iluna den guztia argitu daitekeen bezala, hotza den guztia berotu daitekeelako. Eta erori, zapaldu eta hautsi diren hostoek ere, kolorea mantentzen jarraitzen dutelako.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    