Oinez Doazen Hirien Sareari batu zaio Donostia
 Sareko presidente Ana Montalban eta Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarza.Donostiako Udala
                    Sareko presidente Ana Montalban eta Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarza.Donostiako Udala                Donostiako Udalak bat egin du gaur, hilak 31, Oinez Doazen Hirien Sarearekin. Ibilgarritasunarekin konprometitutako erakunde publikoei irekitako nazioarteko elkartea da, eta oinezkoak hiriko mugikortasunaren eta gune publikoaren protagonista nagusi izatea du xede. Ibilgarritasuna oinezkoentzako bideak egitearen ikuspegi hutsetik haratago doan terminoa da, joan-etorrien eta orokorrean gune publikoaren kalitatearen aldagaia sartzen baitu.
Mugikortasun eta Garraio Jasangarri zinegotzi Olatz Yarzak azaldu duenez, sarean sartzeak dakar udalak konpromisoa hartzea “espazio publikoa hobetzeko, ibiltzeko, egoteko eta gizarteratzeko leku gisa”. Hala, udalak beste urrats bat eman du oinezkoen hiru mugikortasunaren ardatz nagusi bihurtzeko estrategia onartzeko bidean, herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuz.
Halaber, gogoratu du azken urteotan Donostiak pertsonak erdigunean jartzen dituen mugikortasuneranzko eraldaketa egin duela, eta bide beretik sakonduko duela eta sareak hiri atseginago baterantz jotzeko jarraibideak markatuko dizkiela.
Bestalde, Oinez Doazen Hirien Sareko presidente Ana Montalbanek nabarmendu duenez, “Sarea oso pozik dago Donostia sartzearekin. Hirien tamainatik haratago, botere sinbolikoa dago, bere ikusgarritasuna, bere hiri marka dei genezakeena… Eta hiri hau handienetako bat da zentzu horretan, zalantzarik gabe. Badakigu Donostiak ibilbide luzea duela ibilgarritasuna eta, oro har, bere espazio publikoaren kalitatea handitzeko bidean, baina, hiri guztietan bezala, asko dago egiteko, inoiz amaitzen ez diren prozesuak baitira”. Azaldu duenez, hiri bakoitzaren eskaerei erantzuten saiatzen dira, ikuspuntuak emanez eta eraldaketan lagunduz dela haurren autonomiarekin lotutako ekimenekin, mugikortasunarekin, bide-indarkeriaren aurkako borrokarekin, motordun trafikoaren murrizketarekin, aparkalekuarekin, eskola-inguruneekin…
Donostia Sarean sartzen den bederatzigarren euskal erakundea da, eta gaur egun tamaina guztietako ia 100 hirik eta lau aldundik osatzen dute. Tamaina handieneko biak izan ezik, Espainiako Estatuko hiri handi eta ertain gehienak Sarearen parte dira, eta Portugalgo hiri asko Portugalgo Sarearen bidez integratuta daude. Sarea 2013an eratu zuten bizi kalitatearekin kezkatuta zeuden pertsonek. Hirietako eta lurraldeetako gune publikoa orekatzeko beharraz hausnartzen zuten, hiriko bizitzaren erdigunean pertsonak jartzea nahi baitzuten. Bere eginkizun nagusia printzipio horiekin konprometitutako hiriei laguntzea da, tokiko administrazioetako langile teknikoei eta politikoei espazio publikoa eraldatzen lagunduz.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    