«Plazak eskaintzea positiboa da, eta hori da Bilintx Saria»
26 eta 55 urte bitarteko bederatzi lagunek osatzen dute Bilintxi Balantxa bertso eskola. Bertan, ez dute bertsotan erakusten; bertsotan jarduten dira. Bilintx Saria antolatu dute oraingoan, Donostiakoak diren edota bertan bizi direnentzako «plaza» gisa.
 Todor Azuurtza, Iker Uriarte, Andoitz Urdapilleta, Peru Aiartza, Aiert Ordoñez eta Manex Mujika, Bilintxi Balantxako kideak.Nagore Garmendia
                    Todor Azuurtza, Iker Uriarte, Andoitz Urdapilleta, Peru Aiartza, Aiert Ordoñez eta Manex Mujika, Bilintxi Balantxako kideak.Nagore Garmendia                Hau ez da bertso eskola bat, funtsean…
Andoitz Urdapilleta (A.U.): Bertso eskola esaten zaio honi, eta horrek dirudi ikasteko leku bat dela, baina, gure kasuan, jarduteko da.
Peru Aiartza (P.A.): Elkarri laguntzen diogu hemen. 2018tik geneukan sortua bertso eskola, nahiz eta ez zuen Bilintxi Balantxa izena. Nire kasuan, Añorgara joan behar izan nintzen ikastera, Donostiako erdialdean ez nuelako ezagutzen ikasteko tokirik.
A.U.: Bertsotan entzuten ikasi dugu bertsotan, hanka sartzen. Lehen, bertso txarrak ziren, eta orain, agian, ez dira horren txarrak…
P.A.: Identifikatzen ari gara Donostiako bertso giroak zein behar dituen. Hemen elkartzen garenok bat-bateko maila bat badaukagu, eta espazio bat eskaini nahi diegu maila hori ez dutenei.
A.U.: Parte Zaharreko bertso eskola gisa hasi ginen, eta orain, gure helburua, hiri osoan eragitea da.
Zer da Bilintx Saria, eta nondik dator sortzeko beharra?
A.U.: Erabaki genuen Donostian jaio edo bertan bizi diren bertsolarientzako sari bat izango zela.
P.A.: Urtean zehar ez ditugu plaza gehiegi, eta saiatzen gara saioak sortzen. Iruditzen zaigu plazak eskaintzea positiboa dela, eta hau plaza bat da, nolabait.
Zer ikasten da bertso eskolan, bertsotan egiteaz gain?
A.U.: Urduritasuna kentzen. Kantatzeko estiloa ere lantzen duzu, noski.
P.A.: Ni irakaslea naiz, eta nabaritzen dut lanean, bertsolaritzak ematen dizulako nolabaiteko bat-batekotasun bat. Momentuan sortzeko eta erabakitzeko tresna bat da.
Iker Uriarte (I.U.): Hizkuntzari dagokionean ere, hitz berriak barneratzen. Hizkuntza ulertzen, soinuak nondik datozen…
«Ikusarazi nahi dugu
bertsolaritza ez dela zaila,
eta hizkuntzarekin ondo pasatu daitekeela»
Jakingo zenukete erakusten bertsotan nola egin?
P.A.: Bai, ikasi dugun horretatik. Bertsotan ikasteko garrantzitsuena ausartzea da, eta behin ausartuta, konturatzen zara zuk ere egin dezakezula. Aritzea da kontua, eta lotsa kentzea.
Todor Azurtza (T.A.): Bertsolaritza tenisean aritzea bezala da; oinarrizko teknika bat dago, baina entrenatuz ikasten duzu jokatzen. Gero talentu gehiago edo gutxiago izan dezakezu. Hau entrenamendu gune bat da, eta elkarrengandik ikasten dugu. Bide polita da, baina baita luzea ere. Urteek ematen dizute erritmo on bat.
Bertsotan egiteak euskararekiko harremanean eraginik izango du, noski.
I.U.: Logikoa izan behar duzu zure euskararekin. Hiztegi propio bat sortzen duzu.
T.A.: Euskal kulturan, euskaldunentzako egina dagoen ekintza bakarra da bertsolaritza. Euskalduna ez bazara, ezin duzu jarraitu. Ekimen erdi politikoa ere bada, non euskara politizatu den; ez luke hala izan behar, gure hizkuntza delako. Euskararen aldeko aletxo bat jartzea ere bada bertsolaritza.
Gazteek oraindik ere erakargarritzat jotzen dute bertsoa?
A.U.: Formatu kontu bat da. Lehen aldiz Nafarroa Arenara joaten dira batzuk; final horiek zortzi ordukoak izaten dira, eta rollo bat iruditzen zaie. Bertso afaritan, gazte gehiago egoten dira.
P.A.: Gerturatzeko biderik errazena parranda da. Puntuka hasi eta borobilaren parte izan zaitezkeela ikusi. Baten bat gerturatu zaigu bertso eskolara, bide horretatik.
Zein da gaur egungo bertsolaritzaren erronka nagusia?
P.A.: Jendeari ikusaraztea ez dela zaila. Edonork egin dezakeen zerbait dela eta hizkuntzarekin ondo pasatu dezakezula.
Manex Mujika (M.M.): Zerbait magikoa egingo bagenu bezala… bertsotan egitea erraza da, bertsotan ondo egitea ez. Teknika bat da, besterik ez. Eta landu daiteke.
P.A.: Askok lotzen dute bertsolaritza txikitatik bertsotan aritu den pertsonarekin. Edozein adinetan hasita ere, gaitasun hori garatu dezakezu.
M.M.: Bertsoa euskal mundutik ateratzea ere bada beste erronka bat; inprobisazioak hizkuntza guztietan ematen dira, baina bertsoa izango da mundu osoan dagoen inprobisaziorik egituratuena. Txapelketetan egoten diren 15.000 pertsona horiek ez dira beste inon egoten. Euskalduna ez den jendeak ere euskaldunekiko eta euskararekiko errespetuzko begirada bat izateko tresna bat da, eta euskal mundutik kanpora, ez gara existitzen.
Eta zerk egiten du bertso bat on?
Aiert Ordoñez (A.O.): Oinarria komunikatzea da. Komunikazio hori gero apaindu dezakezu, literaturarekin eta abar.
M.M.: Bertsotan, publikoaren harridura lortzea oso zaila da. Gakoa esaten duzun horretan dago, ez esateko eran. Teknikoki oso ona den bertso batekin frikiok disfrutatzen dugu. Baina entzuleak disfrutatzen du bertsoak esaten duen horrek harritu egiten duelako. Arte sorkuntza gehienetan, sinplea da polita, baina sinple egin ahal izateko lan handia dago atzetik. Eta gero, gustu kontu bat da; bertsolari bakoitzak bere estiloa du, eta batzuk gehiago gustatzen zaizkigu, beste batzuk baino.
Zergatik da beharrezkoa bertso eskola bat Donostian?
A.U.: Guk ez genuelako aukera hori eduki. Nahi dugu aukera bat egon dadila, behintzat, nahi duenak bertsotan egin edo ikasteko.
I.U.: Antzinatik, bertsoa beti hartu izan da baserrietako joko edota abesteko modu baten gisan. Hiria baldin bada inguruan gertatzen den guztiaren epizentroa, arraroa izango litzateke bertan horrelakorik ez ematea.
M.M.: 1998ko eskola arteko txapelketan ezin izan genuen Donostiako talderik atera. Bazegoen jendea, baina ez genuen elkar ezagutzen. Ez zegoen horretarako espaziorik, eta orain, behintzat, interesa daukanak izan dezala erreferentzia bat.
P.A.: Udalak bertso saioak antolatzen ditu, eta kanpotik ekartzen dituzte bertsolariak. Bertso eskolak ahalbidetuko du hiriko bertsolariek hiriko bertso saioetan parte hartzea.
Nola ikusten duzue emakumeen presentzia bertsotan?
A.O.: Bertso eskoletan emakumeak dira gehienak, baina 18 urte betetzerakoan, erabat galtzen da beraien presentzia. Guk ere, agian, badaukagu zer hausnartua; ze giro sortzen dugun, nola ematen diegun ongietorria etortzen diren emakumeei. Kanpotik zer proiektatzen dugun, basurde itxura ematen badugu, ez da emakumerik gerturatuko.
I.U.: Denak gizonak izatea zailtzen du emakumeek etorri nahi izatea. Eta, aldi berean, Hernaniko ahalduntze eskolak eragina izango du horretan. Emakume bertsolari gehienek horra jo dute.
P.A.: Sortuko balira erosoak diren espazioak, etorkizunean espero dugu emakume bertsolariak egotea. Baina oinarritik eman eta eskaini behar da aukera.
 
								 
								
							 
					 
		        	



 
                    