Proiektu espazialetarako txipak ekoizteko lantegia zabaldu du Semi Zabalak Eskuzaitzetan
 Espazioko misioetan erabiltzeko txipak ekoiztuko dituzte Zubietan.Semi Zabala
                    Espazioko misioetan erabiltzeko txipak ekoiztuko dituzte Zubietan.Semi Zabala                Eskuzaitzetan industriagunean zabaldu du Semi Zabala enpresak lantegi berria. Ostegun arratsaldean inauguratu dute eta bertan proiektu espazialetarako funtsezkoak diren txipak ekoiztuko dituzte. Ekitaldian, politika, enpresa eta finantza munduko ordezkariak izan dira. Besteak beste, Jon Insausti alkatea, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain, Gipuzkoako Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Andueza, Espainiako gobernuaren Euskadiko ordezkari Marisol Garmendia, edota Erdieroaleen Industriaren Espainiako Elkarteko (AESEMI) presidente Alfonso Gabarron.
Semi Zabalak potentzia elektronikarako gailuak eta zirkuitu erdieroaleak diseinatzen, fabrikatzen, kualifikatzen eta merkaturatzen ditu. Zubietako lantegi berrian 2,5 milioi euro inguru inbertitu dituzte eta hamahiru lanpostu sortu ditu. Bertan, fabrikaziorako 240 metro koadroko gela zuri bat dago, ISO6 teknologiarekin, atmosfera perfektua eta inolako kutsadurarik gabea sortzeko diseinatua. Halaber, potentzia laborategi bat ere badu, osagaiak eta txipak testatzeko, sendotasuna ziurtatzeko.
Goi teknologiaz hornitutako azpiegitura berrian, bost urte baino gutxiagoan 500.000 bat txip ekoiztea espero dute arduradunek. Horiek NASAk erabiliko ditu, ziur aski, ilargi proiektuetan. Hala, gainera, “Gipuzkoa espazioko berrikuntza teknologikoko polo gisa sendotuko du”. Izan ere, “Semi Zabala harro dago espazio-sektorean duen rol estrategikoarekin. Haien txipak funtsezkoak dira sateliteetan potentzia kudeatzeko, eta eguzki-panelek hartutako energia nabeen barne-funtzionamendurako erabil daitekeen potentzia bihurtzea”.
Enpresaren teknologiak NASAk gauzatutako erradiazioarekiko erresistentzia proba zorrotzak gainditu ditu bi aldiz. Balioztatze horrek Semi Zabalako kideak hautagai bihurtu ditu Ilargian base iraunkor bat eraikitzeko proiektu anbiziotsurako. Han, erreaktore nuklear bat instalatu nahi du, etorkizuneko ilargi base eta misioetarako potentzia nahikoa sortzeko gai izango dena, bereziki ilargi gau luzean, eguzki energia bideraezina denean. Gipuzkoako enpresaren teknologia da munduan behar diren tentsioetan jarduteko gai den bakarra, eta ilargiaren erradiazioaren muturreko baldintzak gainditzen ditu.
 
								 
								
							 
					 
		        	


 
                    