60.000 euro balio ditu… zoriontasunak?
‘Nor Da Hiltzailea?’ da, urtero, Loiolako Sustrai aisialdi taldearen azaroaren 1erako proposamen “misteriotsua”. Ehundik gora haurrek hartu zuten parte jolasean, ohikoa baino begirale talde handiago batek gidatuta.
Pisten bila ibili ziren haurrak, Loiolako kultur etxean. Sustrai aisialdi taldea Washington Palace. Halaxe deitu diote Sustrai aisialdi taldeko kideek Loiolako kultur etxeari, pasa den larunbat honetan (azaroak 1). Luxuzko hotel bihurtu zuten, hiriko zein mundu osoko dirudun “pijoek” atseden har zezaten, langile talde… berezi? baten eskutik. Bai, berezi da hitza.
Nor Da Hiltzailea? jolasaren barruan bildu ziren larunbat iluntzean hamarretik gora begirale eta ehundik gora haur. Hala ospatzen dute Loiolan Gau Beltza, edo Santu Guztien eguna, edo dena delakoa… Hala ere, beldurra ematea baino gehiago, “egoera misteriotsu bat planteatzea” da beren helburua. Jolastea. Ondo pasatzea.
Cluedo jolas mitikoaren egokitzapen bat da Nor Da Hiltzailea? Hau da, gertakari misteriotsu batean aurrean (hilketak izan ohi dira), haurrek detektibe lanak egin beharko dituzte, erruduna topatzeko. Hala, aisialdi taldeko begiraleak dira hilketaren biktimak, susmagarriak, kasuaren ardura duten poliziak, eta gertakariaren parte izan daitezkeen pertsonaia guztiak. Aurten, ordea, gidoiari buelta bat eman nahi izan diote, eta hilketa baten ordez, lapurreta bat izan da ardatz nagusia.
Luxuzko giro bat
Hoteleko zuzendariek eman zieten ongietorria haurrei; egoera planteatu, taldeak egin, eta ikerketari ekin zioten: Violeta Johnson aktorea da istorioaren protagonista —“pija” huts bat, “hoteleko” langileek eta haurrek berek hala deituta—. Geldialdi luzeak egiten ditu Washington Palace hotelean, eta, oraingo aldian, ezusteko batek bertan harrapatu du: bere logelako kutxa gotorrean gordeta zuen 60.000 euroko lepoko bat lapurtu diote, eta Poliziarekin kolaboratzen ari da, lapurra topatu eta berea dena berreskuratzeko.
Sei txokotatik pasatu behar izan ziren haurrak. Horietako bakoitzean susmagarri batekin egiten zuten zita, eta hamabost minutu zituzten froga bat egin eta pistak eskuratzeko. Hoteleko zuzendari apustuzale bat (Txema), bere emazte serio eta arrakastatsua (Amaia), garbitzaile txutxu-mutxu zale bat (Julia), sukaldari handi-mandi bat (Cesar), urduria eta beldurtia den mandatari bat (Mauri) eta informazio iturri gisa erabili beharreko kazetari bat (Mikel) ziren susmagarriak, Violeta han eta hemen zebilen bitartean.
Haurren misterio aurpegiak, jakin-mina, mendeku gosea. Susmagarriren batek ere jasotzen zuen, noizean behin, entzun nahi ez zuen hitzen bat. Violetak ere bai. Begiraleak ez ziren euren rolari eusten zioten bakarrak, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek ere euren bizitza motz osoa detektibe lanetan eman zutela zirudien, egiten zituzten galderengatik. Jarrerengatik. Susmagarriei estortsioa egiteko moduagatik. “Gaiztoei” irribarre egiteko modu faltsuarengatik.
Istorio aldrebes bat
Violeta eta Txemaren arteko harreman sekretua, Amaiari engainua. Dibortzio bat esku artean. Dirua, diru asko. Diru premia ere bai. Diamanteak eta luxua. Mendekua. Pertsonaien gaztetako dramak, gaur egunera ere iristen direnak, eta irtenbide bat eman nahian, elkarri aurpegiratzen zizkiotenak. Konfiantza faltsuak, errealak ere bai, ezer ez esateko xantaiak eta aliantzak.
Datu gutxirekin hasi zuten ibilbidea detektibe txikiek; Poliziak dakien informazioarekin osatutako fitxa bat eta boligrafoa eskutan, falta zitzaien guztia jakitera irten ziren kultur etxeko aretotik, gora eta behera ibiltzera. Pisuzko erantzunik ba ote zeukaten galdetzerakoan, denek zuten baiezkoa. Eta denek izen desberdina esaten zuten, lapurrari buruz galdetzean. Konplizea bat dela, bestea dela, batek ez dakit zerengatik egingo zukeela, besteak ez lukeela horrelakorik egingo… Tira, detektibeen ustez, denek zuten lapurra izateko aitzakiaren bat. Eta, ez bazuten ere, dena kabitzen zen beren imajinazioan.
Epaiketa gorabeheratsu bat
Epaiketan jakingo zuten, egindako lan guztia eta gero, benetan gertatutakoa. Susmagarri guztiengandik pasatzerakoan, aretoan bildu ziren berriro ere talde guztiak, egia jakiteko asmoz. Gertatutakoa asmatu zutelakoan zeuden denak, eta urduritasuna gailentzen zen giroan. Jakin-mina, berriz ere. Mendeku gosea, berriro.
Susmagarri guztiak eta Violeta bera epailearen aurrean eseri ziren, istorioari amaiera borobila emateko. Zer gertatu zen, zehazki? Ba, epaituek berek esan zuten dena. Haurren garrasiek, txaloek bete zuten espazioa, begiraleen antzerkiaren aurrean. Eta pozik joan ziren denak, asmatu ala ez, dena bere lekuan utzi zutelako beren detektibe lan onari esker.


