61. Jazzaldiko Tokiko Taldeak hautatzeko prozesua ireki dute
61. Donostiako Jazzaldiak azken urteotan euskal jazz taldeen alde egindako apustua berretsi du, eta horretarako, 2026ko uztailaren 22tik 26ra egingo den jaialdian parte hartzeko hainbat bide eskainiko ditu. Hain zuzen ere, Jazzaldiak hamar emanaldi erreserbatu ditu gaur hasi duten hautaketa prozesuaren bidez aukeratuko diren tokiko hamar taldeentzat.
Euskal jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eramateko ekimena 2006an jarri zen abian lehen aldiz, eta harrezkero urtero egiten dute, arrakasta handiarekin. Azken edizioan parte hartzeko 53 talde aurkeztu ziren, horietatik hamabostek Donostiako zenbait areto eta klubetan jo zuten, eta antolakuntzak, azkenik, hamar aukeratu zituen 60 .Jazzaldian jotzeko. Ikus-entzule asko bildu ziren eta tokiko jazz taldeen maila altua agerian geratu zen.
Hautaketa prozesuan parte hartzeko, taldeek Jazzaldiaren webgunean, izen-ematea osatu eta hautaketa prozesu honen oinarrietan zehazten den materiala bidali beharko dute, azaroaren 21aren 14:00ak baino lehen. Hauek dira oinarriak.
Aurkeztutako proposamen guztietatik hamabost talde hautatuko dira Donostiako klub eta lokaletan jotzeko, oraindik zehaztu gabeko datetan (bat eguneko), 2026eko urtarriletik martxora bitartean. Joaldien datak eta lekuak gure webgunean argitaratuko ditugu eta hedabideei ere jakinaraziko zaizkie, interesaturik legokeen entzuleriak joateko modua izan dezan. Ikus entzuleek 15 talde horien inguruko botoa emateko aukera izango dute beraien kontzertuak amaitutakoan, puntuazio altuena lortzen duten 10 taldeak izango dira aukeratuak 2026ko 61. Jazzaldian jotzeko.
Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez du lehiaketa izaerarik izango: prozesuaren xede bakarra 61. Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeak hautatzea izango da.


