Beldurrezko zinemaren mitoak, San Jeronimoko kriptan
Abian den Fantasiazko eta Beldurrezko 36. Astearen barruko jarduera da Fernando Vicenteren erakusketa. Donostia Kultura Zinemaren sorreratik beldurrezko generoak ekarpen handia egin dio imajinario kolektiboari: pertsonaiak, munstroak, gaueko izakiak edota beste planeta batzuetatik etorritakoak. Horietako hainbat ageri dira Fernando Vicente: Beldurrezko zinemaren mitoak erakusketan, hilaren 16a arte San Jeronimo kaleko kriptan ikusgai dagoena. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Astearen parte den bilduman, film ikonikoenetan agertzen diren pertsonaietako batzuk bildu ditu Fernando Vicentek bere erretratuen bidez, besteak beste, Drakula, Frankenstein, Norman Bates, Freddy Krueger eta Hannibal Lecter.
Aukeratutako laginak Cuando nacen los monstruos-Mitos del cine de terror liburuan du sorburua, eta film bakoitzeko bi irudi jaso ditu bertan: ilustrazio bat eta kartel posible bat. Vicente autodidakta da, eta 1980ko hamarkadaren lehen erdian egin zituen aurreneko ilustrazioak Madriz eta La Luna de Madrid aldizkarietan. Urte batzuetan publizitatean aritu ondoren, ilustratzaile lanari ekin zion El País egunkarian eta bere gehigarrietan. Hala, nabarmentzekoak dira Babelia-n egindako bere kolaborazioak; haiekin Society for News Designen hiru Award of Excellence sari irabazi baitzituen. Bere artea Europa Viva, Ronda Iberia, Lápiz, Rock de Lux, Vogue, Playboy, Gentleman, Letras Libres, Interviú, Cosmopolitan eta DT aldizkarietan ere agertu da.


