Datorren ostiralean jarriko da martxan Donostiako Atotxako geltokiko bigarren nasa
Bisita gidatua egin dute Atotxako geltokiko lanen egoera ikusteko. Maitane Aldanondo AHTaren lehen terminala izango den Donostiako Atotxako geltokiaren obrek urratsak ematen jarraitzen dute. Aurrerapen berria ostiralean, azaroak 7, egingo da, trenbide azpiegituraren bigarren nasa, Egia aldetik hurbilen dagoena, martxan jarrita. Horrela, aldirietara bideratutako kanpoko trenbideek azken konfigurazioan funtzionatuko dute behin betiko.
Nasa horretara sartzeko lurpeko atari berria zeharkatu beharko da. Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu idazkariak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak lanen aurrerapena bertatik bertara ikusi dute astelehen honetan, nasa berria irekitzeko astebete falta denean. Lurpeko atari hori behin-behinean irekitzeko arrazoia da atariko instalazioak osatzeko lanean jarraitzen ari direla, eta, beste funtzionalitate batzuen artean, etorkizunean sarbide zuzena izango duela Egiako lurpeko pasabidetik –geltokiko ate nagusitik igaro beharrik gabe–, baina oraingoz geltoki birmoldatutik sartu beharko da txartelak balioztatzeko.
Nasa berriak, Tabakalerako eraikinetik hurbilen dagoenak, 210 metroko luzera du guztira, eta batez beste 5 metroko zabalera, gutxienekoa 2 metrokoa eskaileren ondoko sarbidean eta gehienekoa 8 metro ingurukoa. Zatirik handiena markesina batek estaltzen du eta Brinkolarako noranzkoan doazen trenak hartuko ditu. Irunerako noranzkoan doazen unitateak Urumea aldetik hurbilen dagoen nasatik igaroko dira.
Trenbide-azpiegitura berriak trenbide-zabalgunearen konfigurazio berria ekarriko du. 5 nasa izango dituen 6 trenbideko sorta berri bat ezarriko da. Zabalera mistoko kanpoko trenbideak (hirugarren haria edo hirugarren erreia dutenak) aldirietako trafikorako izango dira, eta barruko lau trenbideak, nazioarteko zabalerakoak, distantzia ertain eta luzeko trenen zirkulaziorako. Trenbidearen elektrifikazioak eta seinaleztapen- eta komunikazio-instalazioek osatuko dituzte trenbideko obrak.
Joan den otsailaren 17tik aurrera, birmoldatutako geltokiaren eraikinetik, Urumea ibaitik hurbilen dagoen aldetik, egin da trenbide eragiketa, obraren behin-behineko faseetara egokituta. Jarduketa horri esker, lehen behin-behineko terminalak okupatutako espazioak etorkizuneko aldiriko atariaren eta Egiako azpiko pasabidearen barruan integratu ahal izan dira, eta trenbideak, nasa-egiturak eta Tabakalera aldeko plaza altua eraikitzen jarraitu ahal izan da.
Euskal Trenbide Sareak Gobernu zentralaren gomendio baten bidez gauzatzen duen gaur egungo eraikuntza-jarduera, aldirietako eta abiadura handiko lurpeko atarietan eta horien instalazioetan arkitektura-akaberak egiteko lanetan oinarritzen da; gainazalean, berriz, nasak eta trenbideak amaitzeko lanak egiten dira. Era berean, geltokiaren bi buruetako trenbideak instalatu dira, bai aldirietako trafikorako diren zabalera mistoko (hirugarren haria edo hirugarren erreia dutenak) kanpoko bi trenbideetan, bai etorkizunean distantzia ertain eta luzeko trenen zirkulaziorako izango diren nazioarteko zabalerako barruko lau trenbideetan.


