Gogoratzeko egun bat Zubietan: Bartzelonari ez zaio egunero irabazten
Garaipen garrantzitsuak eskuratu dituzte asteburuan Realeko neskek eta mutilek, Txuri Urdineko mutilek, Bera Berak eta Ibaeta Basketek.
Realeko neskak, Zubietan, Bartzelonaren aurkako garaipena ospatzen.Reala Talde handienek ere, tarteka, galdu egiten dute, eta hori lortu zuten igande arratsaldean Realeko neskek Zubietan: Bartzelona ahalguztiduna, askorentzat munduko talderik onena dena, mendean hartzea: 1-0.
Ohikoa den moduan, Bartzelona izan zen nagusi neurketako lehenengo minututik, baina arrisku gutxi sortu zuen txuri-urdinen atean, etxeko jokalarien lanari esker. Kontraerasoan ahalegintzen aritu zen Reala, eta, halako baten ostean iritsi zen partidako gol bakarra izango zena. Izan ere, hegaleko sake baten ostean, Aleixandrik eskuarekin ukitu zuen baloia area barruan, eta epaileak penaltia adierazi zuen, 37. minutuan; Ednak sarera bidali zuen baloia hamaika metroetatik. Hortik aurrera, bigarren zatian nagusiki, Bartzelona etengabe ahalegindu zen neurketari buelta ematen —Fengerren gol bat baliorik gabe utzi zuen epaileak, jokoz kanpokoagatik—, baina Realak emaitzari eustea lortu zuen. Epaileak amaiera adierazi bezain laster, behar den moduan ospatu zuen taldeak garaipena zelaian, egun historikoa izan baitzen atzokoa.
Futbolarekin jarraituz, Realeko mutilek ere egun handia bizi izan zuten larunbat arratsaldean, 3-2 irabazi baitzuten Athleticen aurkako derbi bizia. Bi aldiz aurreratu zen markagailuan Reala, baina bi aldiz lortu zuten berdinketa bilbotarrek, joan-etorriko partida batean. Txuri-urdinen gol bat baliorik gabe utzi zuen epaileak baita ere, baina azkenean, bigarren zatiaren luzapenean, Gorrotxategik garaipenaren gola sartu zuen, zale guztien indarrarekin baloia sarera jaurtiz. Mutilek ere behar bezala ospatu zuten garaipena Anoetan, zelaiari buelta osoa emanda, derbiak ez baitira beste edozein partidaren modukoak.
Eskubaloian, Bera Berak garaipenaren bidetik segitzen du, sendo. Hain zuzen ere, 27-31 irabazi zuen larunbatean Eldaren etxean, eta ligako liderra izaten jarraitzen du.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek jarraipena eman dio azkenaldiko garaipen boladari, Jairisen etxean 61-71 irabazita. Horrela, ligako laugarren postuan daude donostiarrak, etengabe gora begiratzen. Aldiz, Gipuzkoa Basketek sailkapeneko azken postuetatik atera ezinik jarraitzen du, Burgosen etxean 81-73 galdu baitzuen ostiralean.
Azkenik, izotz hockeyan, menderaezin jarraitzen dute Txuri Urdineko mutilek. Hain justu, 8-0 irabazi zioten larunbatean Madrili, eta ligako lidergoan sendo jarraitzen dute.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 9. jardunaldia
- Reala 1 – Bartzelona 0
Gizonezkoen liga, 11. jardunaldia
- Reala 3 – Athletic 2
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 9. jardunaldia
- Elda 27 – Bera Bera 31
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Jairis 61 – Ibaeta Basket 71
Gizonezkoen bigarren maila, 6, jardunaldia
- Burgos 81 – Gipuzkoa Basket 73
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin 8 – Madril 0


